Tulankide aldizkarian argitaraturiko elkarrizketan Xabier Bengoetxeak azaldu du "desengainua" hartu duela enpresak azken urteetan egindako bidearekin.
Izandako komunikazio estrategiagatik eta informazio faltagatik kritika ugari jaso ondoren, Mondragon Taldeak Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) inguruko azalpenak eman ditu Tulankide aldizkari korporatiboaren paperezko alean.
Europa Press agentziak aldizkariaren editorialean jarri du arreta: Mondragonek “egoera lasaitzeko” ahaleginak egin ditzatela eskatu die bazkideei eta taldeak izandako “arazo larrienetako baten” aurrean daudela onartu arren, “aurrera begiratzea beste erremediorik ez” dutela esan du.
Aldizkari berean elkarrizketa egin diote Txema Gisasola Mondragon Taldeko lehendakariari. Cinco Días egunkariak dioenez Gisasolak onartu du bazkideek aurrezkiak galduko dituztela, baina ez dute FEEen hartzekodunen aurrean euren ondasun pertsonalarekin erantzun beharko.
Xabier Bengoetxeak berriz, aldizkariari esan dio konkurtsoaren ondorioz kooperatibak seguruenik “likidatuta amaituko” duela, baina oraindik “interesgarriak izan daitezkeen marka eta aktiboak” dituela. Expansion egunkarian eman dute, besteak beste, elkarrizketaren berri.
Grumal eta Proiek ere konkurtsoan
Azpeitiko Grumalentzat eta Bilboko Proiek ingeniaritza enpresarentzat hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du FEEk Donostiako 1. Merkataritza Auzitegian. Hala, bere filial guztientzako konkurtsoa eskatu du jadanik kooperatibak.
FEE 2005ean egin zen Grumalen jabe eta egun 95 behargin ari ziren lantegian bi errelebotara, Uztarria aldizkarian irakur daitekeenez.