argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnek sortutako “domino efektua”, erakundeen kezka iturri
  • Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak dio aurrekontu probintzialetan eragina izango duela Fagor Etxetresnak kooperatibaren itxierak. 16 milioi euro zor dizkio Foru Aldundiari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko azaroaren 19a
Usurbilgo LarraƱaga plastiko lantegian enplegu erregulazioan daude (Arg.: Plasticoslarranaga.com).

Fagor Etxetresna Elektrikoek (FEE) 42 milioi euro zor zizkioten foru erakundeari, baina “ordainketa konpromisoak betetzen” ari zen, Garitanoren arabera. Hartzekodunen Konkurtsoa aurkeztean 16 milioi euroko zorra zuen.

Gipuzkoako diputatu nagusiak esan du “berriz kalkulatu” beharko dituztela 2014ko aurrekontu proiektuko sarrerak eta gastuak, “Fagor efektuari” aurre egiteko. Batzar Nagusietan egindako agerraldian aurreratu du, balitekeela ekonomia eta gizarte gaietarako partidak handitu behar izatea. Sarrera fiskalak gutxitu egingo dira ordea, FEEn itxierak 200 enpresa hornitzaileri arazoak eragingo baitizkie.

Garitanok jakinarazi du laster txosten bat izango dutela esku artean; Debagoienan jazoko diren galerak zein izan daitezkeen aztertu dute eskualde hartako udalek.

Adierazpenok egunkari nagusiek jaso dituzte: El País, Noticias de Gipuzkoa, Berria.

Enpresak hasi dira kalteak nabaritzen

FEEren krisiak eragingo duen  “domino efektuaz” mintzatu da, baita ere, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa, Onda Vascari eskainitako elkarrizketan. Bere esanetan konkurtsoaren ondorioz beste enpresa batzuk “egoera oso larrian” geratuko dira; Kooperatibari loturiko “enpresa zehatz batzuk” Bizkaian jada itxi egin dituztela azaldu du buruzagi jeltzaleak.

Joan den ostiralean berriz, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria FEEk sortutako egoeraz mintzatu zen Eusko Legebiltzarrean. “Ehunka enpresa eta milaka langilek" nabarituko dute kooperatibaren hondoratzea, bere hitzetan (pdf).

Adierazpen horiei lotuta, Deia egunkariak albistea plazaratu du asteburuan. FEEk 135 milioi euroko erosketak egiten zizkien 200 enpresa ingururi, horietatik 50ek fakturazio nahiko handia izan ohi dute eta beste hornitzaile batzuk dituzte aldi berean. Arriskuan dauden enpresen artean, Mondragon taldeko Copreci eta Cikautxo aipatu ditu egunkariak.

El Diario Vascok ere hainbat datu eman ditu zailtasunetan dauden enpresez. Hala, Usurbilgo Plásticos Larrañaga eta Soraluzeko Tranportes Ibarrako langileak enplegu erregulazio espedientean daude, eta Bergarako Geyser enpresan berriz FEEn porrotak “eragin handia” izango duen beldur dira.

Mungiako Incasa aluminio lantegiak joan den astean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen eta honen hornitzaile den Sondikako Refineria Sangronizek etxera bidali ditu langile guztiak. Bestetik, Edesa lantegiarentzat hartzekodunen konkurtsoa gaur aurkeztuko duela esan diote FEEko iturriek Goienari.