argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnak, urritik aurrera berriz martxan
  • Jarduera komertziala irailean hasiko du Fagor Etxetresnen jabe berri den CNA Taldeak, urrian produkzio industriala abiarazteko asmoarekin.

Goiena @goiena 2014ko uztailaren 30
Cata eta CNAko ordezkariak asteartean Fagor San Andresen emandako prentsaurrekoan (argazkia: Goiena).

Hala jakinarazi dute Fagor San Andresen emandako prentsaurrekoan. Lehenengo abiaraziko dituzten plantak izango dira Garagartzakoa eta Eskoriatzakoa; edozelan ere, negozio unitate guztiak jarriko dituzte martxan, baita Bergarako Geyser-Gastech-ena eta Edesarena ere.

Erabiliko diren markak

Produktuak merkaturatzeko orduan Fagor, Edesa, Aspes eta Splendid markak erabiliko ditu CNA Taldeak, bereak dituen Cata, Nodor eta Apelson markekin batera (hortik datorkio, hain justu, CNA izena).

Fagor Taldearekin hitzartu du hori talde kataluniarrak, 30 urterako hitzartu ere.

Sortuko diren lanpostuak

Lau urtean 840 lanpostu sortuko dituela aurreikusi du CNA Taldeak. Gehienak Garagartzarako izango dira, eta Bergararako, ondoren. Ondorengoak dira aurreikuspenak lantegiz lantegi eta negozioz negozio.

- Garagartza cooking: 257 lanpostu lehen urtean; 265 bigarrenean; 270 hirugarrenean eta 289 laugarrenean.

- Garagartza washing: 48 lanpostu lehen urtean; 70 bigarrenean; 76 hirugarrenean eta 84 laugarrenean.

- Garagartza dishwashing: 24 lanpostu lehen urtean; 40 bigarrenean; 45 hirugarrenean eta 51 laugarrenean.

- Garagartza zerbitzu nagusiak: 48 lanpostu lehen urtean; 48 bigarrenean; 48 hirugarrenean eta 48 laugarrenean.

- Cooling: 57 lanpostu lehen urtean; 65 bigarrenean; 71 hirugarrenean eta 78 laugarrenean.

- Eskoriatza: 65 lanpostu lehen urtean; 65 bigarrenean; 65 hirugarrenean eta 65 laugarrenean.

- Bergara: 141 lanpostu lehen urtean; 141 bigarrenean; 141 hirugarrenean eta 141 laugarrenean.

GUZTIRA: 705 lanpostu lehen urtean; 775 bigarrenean; 805 hirugarrenean eta 840 laugarrenean.

[Albiste honetako edukien jatorrizko bertsioak Goienaren webgunean argitaratu dira: "Urrian hasiko du CNAk produkzio industriala, Garagartzan eta Eskoriatzan", "Sortuko diren lanpostuak, lantegiz lantegi" eta "Fagor, Edesa, Aspes eta Splendid markak erabiliko ditu CNAk". Hedabide horren CC-by-sa lizentzia baliatuz ekarri ditugu ARGIAra]