argia.eus
INPRIMATU
Fagor-CNAk Garagartzan ekoizteari utzi eta langileak kalera botatzeko planari eutsi dio
  • Zuzendaritzak kaleratze gutxiago egiteko aukera azaldu du enpresa batzordearekin egindako bileran, baina aldi berean dio "gehienez" 160 lanpostu mantendu ditzakeela, hasierako proposamenean bezala.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko irailaren 05
Langileak astearte goizean elkarretaratu dira zuzendaritza eta enpresa batzordea bilduta zeudela (argazkia: ETB)

Kontraesan horrek enpresa batzordea eraman du ondorioztatzera plan berarekin joan dela karpetan Fagor Edesaren jabe den konpainia katalana. "Benetan aurkeztu digutena lehenengo planaren bigarren bertsioa da, eta aurkeztu duten aldaketa bakarra labeak montatzeko proposamena da", azaldu dute langileen ordezkariek.

Fagor Etxetresna Elektrikoen oinordeko den lantegiarentzat bideragarritasun plan bat aurkezteko konpromisoa hartuta zeukan CNAk, eta zuzendaritzaren esanetan langile gutxiago kalera botatzeko "ahalegina" egin dute. Aitzitik, gehienez 160 lanposturi eusteko asmoarekin segitzen du eta horiei, gainera, %10 jaitsiko lieke soldata. Enpresa batzordeak azaldu du aurreko proposamenean jarritako "gehienezko" bera dela oraingoa eta beraz, ez dela ezer aldatu.

Langileen ustez CNAk erabakia hartuta dauka ekoizpena bigarren maila batean utzi eta negozio ildoa sukaldeko etxetresna zenbaiten merkaturatzean jartzeko. Hala, garbigailuak produzitzeari utzi eta Garagartzako planta itxi egingo luke, zuzendaritzak berretsi duen moduan. Erabaki "politikoa" dela dio enpresa batzordeak: "Guretzat proiektu industrialari uko egitea dakar honek".

Agenda: asteazken gorria, ostiral beltza

Langileek asteazkenean, hilak 6, batzarra egingo dute Edesaren Garagartzako egoitzan, eta hor erabakiko dituzte eman beharreko hurrengo urratsak. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin eta eragile sozialekin biltzeko asmoa azaldu dute jadanik, bai eta Fagor eta Ekimen Berri-rekin ere, Mondragon taldean dagoen higiezinen sozietate hori baita Garagartzako pabiloia CNAri alokatzen diona.

Zuzendaritzak, bere aldetik, jakinarazi du ostiralean aurkeztuko duela, bai ala bai, Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) lantalde guztiarentzat, baina espediente horretan ez lituzke sartuko mantentzea aurreikusten duen 160 lanpostuak.