argia.eus
INPRIMATU
BBK Live jaialdia salatu du FACUAk, “hainbat arau hauste” egin dituela argudiatuta
  • Besteak beste, kanpoan erositako janariak eta edariak barrura sartu eta kontsumitzeko debekua ezarri zuten. FACUAk dio jaialdiaren helburua musika dela, eta ez ostalaritza.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 02a

FACUA kontsumitzaile elkarteak Bilboko Udalaren eta Kontsumobideren aurrean salatu du BBK Live jaialdiaren enpresa antolatzailea, Last Tour. Kanpoko janaria eta edaria sartzea debekatu zuen, baita eskudirutan ordaintzea ere; FACUAren esanetan jaialdiaren dedikazioa musika da, eta ez ostalaritza jarduera.

Horrez gain, nabarmendu du jaialdiaren barruan elikagaiak eta edariak prezio oso altuak zituztela. Sareetan erabiltzaile batek prezio taula hau zintzilikatu zuen:

Bestalde, cashless eskumuturrekoaren bidez ordaintzeko sistema ezarri zuen Last Tour enpresak, eta horixe zen eremu barruan ordainketak egiteko modu bakarra. Eskudirutan ordaintzeko aukerarik ez egoteak Kode Zibila eta Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legea urratzen dituela dio FACUAk.

Valentzian, Pirata Beach Festival-eko lan iruzur kasua salatu du CNT sindikatuak

Sindikatuak esan duen moduan, jaialdiaren enpresa antolatzaileak, Black Lotus SL, lanarengatik ordainketarik jaso ez dituzten boluntarioak erabili dituzte “pertsonal gastuak eta Gizarte Segurantzaren kuotak jaisteko”, eta hori “iruzurra izan daitekeela” adierazi dute.

Boluntarioak eta kontratatutako pertsonak gauza berdinak egiten egon zirela esan dute, legearen aurka. Gainera, langileek esplotazioa salatu dute. “Barran egunero 10-12 orduz egoten ginen, eta bakarrik 20 minutuko atsedenaldia genuen” salatu du festibalean lan egiten egon zen Lucia Navarrok. Batzuk beltzean kobratu dutela salatu dute, edo lan-jornadaren erdia kotizatu dutela. “Ia esklabotza baldintzak ziren”, adierazi du Navarrok.