argia.eus
INPRIMATU
Facebookek prezioa jarri dio zure sarrera-ontziari: dolar bat
  • Dolar baten truke, Facebookek zuri mezuak bidaltzen utziko die lagun gisa onartu ez dituzun erabiltzaileei. Atzo iragarri zuen sare sozialak neurri berria.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2012ko abenduaren 21
Facebookek mezu pribatuen inguruko politika berria jarri du martxan.

Orain arte, Facebooken lagun gisa onartuta ez zeneukan jendeak bazeukan aukera zuri mezuak bidaltzeko, baina “bestelakoak” karpetara bideratzen ziren, gutxi ikusten den zoko batera, alegia.

Orain ere erabiltzaileek jasotako mezuak spam gisa sailkatu eta “bestelakoen” karpetara eraman ahalko dituzte, baina hori egin ezean, mezuaren igorle ezezagunak zure sarrera-ontzia bonbardatzen segitzeko aukera izango du.

Mashable.com webgunean irakur daitekeenez, Facebooken asmoa zera da: dolar bateko ordainketa ezarriz, spam mezuak saihestea. Baina Seth Figermanek aipatutako artikuluan dioen bezala, kontrako efektua ere izan dezake, spam gehiago eragitea, alegia; ordainketa txiki baten truke mezuak leku hobera iristea ekar baitezake.

Ez da Facebookek egin duen berrikuntza bakarra, edukiak filtratzeko aukera berriak ere eskaintzen baititu gaurtik aurrera.