Mark Zuckerberg Facebookeko jabeak etorkizuna “pribatua” dela ziurtatu du, baina kontrakoa dioten ahots asko dago. Izan ere, duela gutxi Edin Jusupovic ziber-segurtasunean adituak arazo berri bat aurkitu du Facebookeko pribatutasun politikan: Facebookek argazkietan metadatuak gehitzen ditu ondoren jarraipena egiteko.
Facebook eta segurtasuna bateraezinak direla dirudi, horren inguruko enegarren kasua argitara atera baita. Edin Jusupovic ziber-segurtasunean adituak deskubritu Facebookera igotako argazkiei metadatuak (ezkutuko informazioa) gehitzen dizkiela.
AEBetako enpresak argazkiei gehitutako metadatu horiekin fitxategia identifikatu eta jarraipena egin diezaioke. Jusupovicen esanetan, honek artxiboen jarraipen-gaitasuna “izugarri handitzen du”, Facebooketik kanpo igotzen diren argazkiak ere identifikatu ditzazkeela gehituz.
“Beldurgarriena da teknika aurreratu asko dagoela argazkietan datuak txertatzeko”, dio Jusupovicek, eta gainera datuen txertatze hori identifikatzea oso zaila dela gehitu du. The Hacker Factor taldeko analista baten arabera Facebookek 2014tik txertatzen dituela IPTC blokeak argazkien metadatuetan.
Datu hauen erabilera Facebookentzat
Argazkien metadatuetan gehituriko informazioari esker, Facebookek jakin dezake nork igo duen argazkia, nahiz eta argazki hori beste sare sozial edo webgune batean egon. Hala, hasieran argazkia igo duenaren eta beste hainbat pertsonen artean dagoen harremana osa liteke. Adibidez, pertsona batek argazki bat Facebookera igo ezkero, eta beste batek argazki hori deskargatu eta beste webgune batera igotzen badu, Facebookek jakin lezake argazki hori nork ikusi duen, eta pertsona horien arteko harremana osatzen hasi.
Facebook eta segurtasuna
Multinazionalak hainbat polemika izan ditu segurtasunaren alorrean, baina oihartzun handiena izan duena Cambridge Analytica enpresarekin zerikusia zuena izan da. The New York Times, The Guardian eta The Observer egunkariek salatu zuten Cambridge Analytica enpresak Facebooken erabiltzaileen informazio pertsonala erabili zuela, eta The Guardianek ziurtatu zuen Facebook jakinaren gainean zegoela eta egiten utzi zuela. Informazio hau, beste gauza batzuen artean, Ted Cruz hautagaiaren 2015eko kanpainarako eta Donald Trumpen 2016ko kanpainarako erabili zuten. Auzi hau Erresuma Batuan zigortua izan zen, eta Facebookek 500.000 liberetako isuna ordaindu behar izan zuen.