Sergey Brin Google-en fundatzaileetako batek sarearen askatasuna arriskuan dagoela ohartarazi du, gobernuak herritarrak kontrolatzen saiatzen direlako batetik, entretenimenduaren industriak pirateriaren aurka egiteko sustatutako neurriengatik bestetik, eta Facebook eta Apple modukoen joko-arau murriztaileengatik hirugarrenik. "Beldurra ematen du", adierazi du The Guadian-ek plazaratutako elkarrizketan.
Brin-ek aitortu duenez, bere garaian Internet Facebook-en menpe balego, ez ziren gai izango Google sortzeko, gardentasunaren eta Interneterako sarbide unibertsalaren printzipioak mehatxaturik leudekeelako. "Beraien arauekin jokatu beharra dago, eta izugarri murriztaileak dira", esan du Google-ren sortzaileak. "Arau horiek berrikuntzei ateak ixten dizkiete, eta sarea balkanizatzeko arriskua sortzen dute", gaineratu du. Besteren artean, sare sozialerako sarbidea kontrolatu nahi izatea kritikatu du Brinek. Bere hitzetan, Facebook-ek zaildu egiten die erabiltzaileei euren datuak beste zerbitzu batzuetara aldatzea, Facebook izan denean "urte luzez" Gmail-etik kontaktuak "zurrupatzen" aritu dena.