argia.eus
INPRIMATU
Ezustea Errumanian: Europar Batasunaren aldeko hautagaiak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak
  • Bukaresteko alkate Nicusor Dan-ek eskuin muturraren hautagai George Simion garaitu du bigarren itzulian. Danek bozen %55 eskuratu du, Simionek %45. Hala ere, eskuin muturra hazi egin da lehen itzuliarekin alderatuta. Errusiaren "esku hartze" polemikan murgildutako hauteskundeak izan dira. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 19a
Nicușor Danen garaipenaren ospakizuna. Nicusor Danen sare sozialetatik.

Orain arte, Bukaresteko alkate lanetan ibili den Nicusor Danek Errumaniako hauteskundeak irabazi ditu bozen %55arekin. Independente gisa aurkeztu da Dan, zenbait alderdi europazaleen babesarekin –eskuinekoak gehienak–. Errumaniarren Batasunerako Aliantzako hautagai George Simionek hasieran iruzurra izan dela adierazi badu ere, hauteskundeak galdu dituela onartu du ondoren. Hauteskundeen lehen itzuliarekin alderatuta eskuin muturrak lau puntu egin du gora, eta parte hartzeak hamabi (%53tik %65era).

Ezusteko garaipena izan da Bukaresteko alkatearena. Maiatzaren 4ko lehenengo itzulian Simionek bozen %41 eskuratu zituen, eta bigarren itzulira faborito gisa aurkezten zen. Dan izan zen hauteskunde horietan bigarren, bozen %21 eskuratuta. Hirugarren, Errumaniako Gobernuko koalizioko alderdien hautagaia izan zen, Crin Antonescu, bozen %20 lortuta. Ondorioz, lehen itzuliaren biharamunean, Errumaniako lehen ministro Marcel Ciolacuk dimisioa aurkeztu zuen, eta Alderdi Sozialdemokrata gobernuko koaliziotik irten zen. 

Errumania zintzo bat

Errumania zintzo bat leloa erabili du Nicusor Danek hauteskunde kanpainan. Estatuaren digitalizazioa, burokraziaren murrizketa, kargu publikoen meritokrazia sustatzea eta sistema judiziala modernizatzea gisako neurriak agindu ditu. Nazioarteko politikan, Europar Batasunak ezarri duen gastu militarraren hazkundearekin bat dator. Halaber, Donald Trumpen aldekoa da eta AEBrekin harremanak estutu eta Txinarekiko dependentzia murriztea aurreikusten du, EFEren arabera.

Errusiaren esku hartzea gora eta behera

Hauteskundeak auzi batek zeharkatu baditu, Errusiaren ustezko esku hartzearena da. Errusiaren aldeko Calin Georgescuk azaroan hauteskundeak irabazi zituen eta emaitzak baliogabetu zituen Errumaniako Auzitegi Konstituzionalak, Errusiak irabazlearen alde eragin zuelakoan. Danek, orain, zera salatu du: Telegrameko jabe den Pavel Durov errusiarrak mezu bat bidali ziela erabiltzaile errumaniar guztiei, esanez mendebaldeko Europako gobernu batek eskatu zuela herrialdeko ahots kontserbadoreen ikusgarritasuna mugatzea bozketa baino lehen. Mezuak ogi-barra itxurako emotikonoa zuen, gobernu hori Frantzia dela iradokiz; Naizek jaso duenez.

Călin Georgescuk (bigarren planoan) George Simion babestu du hauteskundeetan