argia.eus
INPRIMATU
Ezurtea eta baiurtea
  • Aurten baiurtea da. Gure etxean. Bedaioko lagunen etxean, berriz, ezurtea. Sagarrondoa (Malus domestica) da baietzean ala ezetzean. Egoskortu egiten da: "Bai!", "Ez!"... eta hobe du. Hil ala bizikoa du eta bizimodua sortzen du. Bizilege du.

Jakoba Errekondo 2023ko irailaren 18a

Urtebiak dira sagarrondoak. Ez denak, batez ere alea berandu heltzen dutenak, irailetik atzera, alegia. Eta maiatzaren amaieran, beranduenera ekainaren hasieran erabakitzen dute hurrengo urtean sagarra emango duten edo ez. Sasoi horretan lorea ernaldu da eta polinizazio egokia izan dutenak sagar koxkor aleak hazten hasi dira. Alearen barruko haziak ere bidean dira eta haiek osatzeko hormona jakin batzuk sortu behar ditu sagarrondoak. Arbolak gainean zenbat ale dituen, hormona gehiago edo gutxiago ekoitzi beharko du. Hortxe dago gakoa.

Hormona ugari behar badu, ale asko dakarren seinale. Hormona gutxirekin moldatzen bada, ale bakan batzuk besterik ez dakartzan igargarri. Sagar asko badu, sagar horiek ekartzeko udazkenera bitarteko ahalegina ikaragarria izango da; dituenak eta ez dituenak beharko ditu sortutako hainbeste ale eta hazi onbideratzen. Sasoian sortutako energia eta erreserbetan metatutakoak ederki xahutuko ditu. Udazkenera ahituta iritsiko da eta negua lepogainean; ez du tarterik izango arnasa pittin bat hartzeko ere. Horren jakinaren gainean, maiatz-ekainetan hurrengo urtean baiurtea edo ezurtea izango den erabakia hartzen dute. Aurtengo erabakia hartua dute: gurean sagarrondoak mukuru direnez hurrengo urtean ez dute emango. Bedaioko lagunen sagastian bai, sagarrondoak ale gutxi batzuekin besterik ez daude, emango dutela erabaki dute. 

Sagarretik bizi den jendearentzat ez da atarramentu ederra hori. Inausketarekin, maiatzaren amaiera baino lehenago aleak bakantzearekin eta abar saiatzen dira sagarrondoaren erabakitze ahalmena zapuzten, baina ez da erraza.

Sagarrondo guztiak ez dira berdin egoskortzen, ez dute behar. Goiz sagarrak, sanjoan sagarrak eta amabirjin sagarrak, adibidez, uztailean helduta dute alea eta hiru edo lau hilabete izango dituzte oneratu eta suspertzeko. Urtero emango dute.

Batetik, erabakitzeko gaitasuna dago. Guk ez bezala, badakite hurrengo maiatzean zer egingo duten. Eta bestea da hartzen dituzten erabakiak bete egiten dituztela.

Gure ezgaitasuna ageriago azaltzeko hor dago galdera: non eta nola jasotzen dute erabaki hori urtebetez?