Eztandaren aurreko barea

  • Igandean goizeko bostetan eskoletako ateetan egon behar dela diote batean eta bestean, behin eta berriz, hori da mezu nagusia nonahi Bartzelonan. Seietan Mossoak joango ei dira eskolak hustera.


2017ko urriaren 01an - 01:07
Bartzelonako Ateneoan AMIk egindako ekitaldia, ezkerreko beheko lehen lerroan Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakaria. (Arg.: X.Letona)

Larunbat goiza da eta okupatuak daude bozka-leku izango direnak, batzuk ostiral gauaz geroztik eta beste asko gaur goizetik; tira, okupatuak, esateko modu bat da, “eskolaz kanpoko jarduerak” dituzte asteburu osoan. Baina Mossoek esan diete igandean 6:00etan alde egin behar dutela. Beraz, 5:00etarako eskoletako ateak defendatzera joan behar dute.

Zein da kontua? Jende asko badago, Mossoak iristen direnean ez dituzte sakabanatuko, ordena publikoari lehentasuna eman diotelako Mossoen buruek; orduan, 8:00en bueltan Guardia Zibila edo Espainiako Polizia espero dituzte leku horietan. Eta orduan inork ez daki zer gertatuko den. Baina denek dakite 5:00etan eskola atarietan egon behar dutela. Oraingoz, hori da plan A.

Epika usaina dario hiriari, batez ere sare sozialetan, baina gu Gràciako kaleetan gara Santsera bidean eta hemen edozein hiri handik goizean duen normaltasuna arnasten da. Bai baina ez, ez da guztiz egia ere. Batez ere, galdetu eta galdetu ondoren, X tokira iristen zarenean, saltsan dabilen jendearengana eta klandestinitate hotsak entzuten dituzunean: “Ez dakigu nola joango den”, “kontuz ibili behar dugu”, “bai, berendia lehen hemen zegoen baina orain han dago; por zierto, zuek nortzuk zarete”.

Hainbat lekutan errepikatzen dira antzeko egoerak. Jendeak badaki zer ardura duen eta non egongo den, baina ez dakite zer egingo duten unea iritsi arte, edo ez dute esaten. Egia esan, ez da broma, Anaia Handiaren begi eta belarriak dituzte gainean, dagokionean atzaparkada luzatzeko prest. Hori ere etorriko dela badakite, eta ahalik eta ondoen babesten dute euren burua.

Bartzelonako Gràcia auzoko pankarta, Kataluniako Errepublika gertu dutela adieraziz. (Arg.: X. Letona)

Internet kenduko dutela, Turkian egin zutela eta jaisteko FileChat, Internetik behar ez duen komunikazio sare-sistema. Eta sartzeko Telegrameko “Alertes-0” zerrendara, hor jartzen direla matxinada honetako azken ordukoak, TV3 itxi dezaketela… “Psikosia?”. Batek daki, baina edozein modutan, bizi den giroaren isla da. Hiriaren ohiko lasaitasun horren muinean bada bihar eztanda egingo duen presio lapikoa. Borborka dago hau.

Atzera aurrera gabiltza eta Bartzelona oso handia da. Estitxu eta Joseba lankideak Santseko eskoletara joan dira bazkalostean, biharkoaz informazio gehiago bildu nahian eta giroa hobe dastatzera. Bego eta biok erdigunera joan gara, Bartzelonako Ateneora, han Kataluniako Independentziaren aldeko Udalerrien elkarteak (AMI) harrera egingo die atzerritik elkartasuna erakutsiz datozen ordezkariei.

Udalbiltzakoak nagusi atzerritarren artean

Bidean euri tanta batzuk jaso ditugu Bartzelona epel honetan. Sartu gara, eta prentsa zerbitzuko batek ea nongoak garen galdetu digu, “euskaldunak”, irribarre egin du eta zera luzatu: “Erdiak euskaldunak dira ekitaldian, eta ondoren egingo den mokadutxoan izango duzue euskaraz nor elkarrizketatu”. Eta gu gurera: “Eta zer da bihar zehatz mehatz egin behar dutena?”, “Ez dakit, goian azalduko dizuete agian”, erantzun du prentsa zerbitzukoak. Eseri gara eta aretora sartzen hasi da euskaldun tropela, Luis Intxauspe Hernaniko alkate eta Udalbiltzako lehendakari buruan. Antolakuntzakoek esan digute 200 gonbidatu daudela eta 100 euskaldunak direla.

Esker oneko hitzak luzatu dizkie guztiei Neus Lloveras AMIko lehendakariak. Bide batez elkartean alderdi guztietako ordezkariak direla aipatu du, salbu eta bat “PPkorik ez da, baina tira, egia esan ez dira gehiegi, alkatetza bakarra dute Katalunian”, jaurti du irribarrez.

Ekitaldi instituzionala azkarra eta xumea izan da, esker onekoa. Zaparradaren erdian, elkartasuna eskertu nahi dute. Bost hizkuntzatan azaldu dute biharko zeregina eta ondoren mokadutxora. Gaur lasaitasuna eta irribarreak dira nagusi Ateneoan, baina bihar berrehunkote hau lau taldetan banatuta barreiatuko da Kataluniako hainbat eskualdetan, erreferenduma nola egiten den ikuskatzera. Izango dute zer kontatu.

Ateneotik atera eta 20:00ak aldera Espainiako banderak daramatzaten taldeak datoz bueltan arratsaldean izan den katalan unionisten ekitalditik. 5.000 bat izango ziren han, eskuzabal izanda?  Goizean ere faxista unionistak izan dira protestan Generalitatearen aurrean. Ohiko kontuak egunotan. Harrigarriena da hemen bizi den giroarekin nola dabiltzan lasai asko Espainiako banderekin atzera aurrera eta nola inork ez dien ezer esaten. Jakina badutela eskubidea, baina txinparta txiki bat nahikoa izan daiteke giro honetan sua pizteko. Baina ez, bakoitza bere banderarekin bizkarrean, lasai dabiltza atzera aurrera. Geroago jakin izan dugu Iruñeko Estafetan gertatutako erasoaz –Espainiako bandera zeraman gazte batzuei eraso egin diete beste gazte batzuek–, eta kontrastea sekulakoa da.

Etxerako ordua da, zerbait afaldu eta kronika honi ekin behar zaio, baina egunak azken oparia eskaini digu: 22:00etan eguneroko kazolakadak Gràciako kaleak metal hotsez bete du, eta nola. Gaurkoa da azkena, Garaipenaren Kazolakada deitu dute. Hunkigarria eta indartsua.

Gaua motza izango da gaur, guk ere ondo ikasi dugu egunean zehar: “igandean goizeko bostetan eskoletako atarian”. Gure plan A: bi Santseko eskoletara, beste bi Gràcian geratuko dira. B planik ez dugu, martxak aginduko  du.

 

Ondorengo bideoan iikus daiteke Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek ARGIAri ekitaldiaren ondoren azaldutako:

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude