argia.eus
INPRIMATU
Eztabaidari uko egin diote
Ana Mezo Basaras 2025eko urriaren 23a

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, 2024ko irailean, Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Pentsio txikienak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea proposatzen genuen. Urte osoan lanean ekin ondoren, 2025eko irailaren 25ean iritsi ginen Legebiltzarreko Osoko Bilkurara, eta Herri Ekimen Legegilea ez zen tramitera sartu, ez zitzaion eztabaidari bide eman, gobernua osatzen duten alderdien aurkako botoengatik, EAJren eta PSEren kontrako botoengatik. Han eta hemen, bazter guztietan azaldu dugu Herri Ekimen Legegile honek jaso dituen babesak, 145.142 sinadura, sindikatu guztiena, emakume-taldeena, emakume feministena eta hainbat eremutako ia 300 pertsona entzutetsuen babesa. Hala eta guztiz ere, Herri Ekimen Legegilearen tramitazioa ukatu da, baita eztabaida ere.

Zertaz ari gara pentsio baxuenentzat diru osagarria eskatzen dugunean lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko? Azken batean, egoera prekarioaren aurrean bizi-kalitatea hobetzeaz ari gara

Baina zertaz ari gara pentsio baxuenentzat diru osagarria eskatzen dugunean lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko? Azken batean, egoera prekarioaren aurrean bizi-kalitatea hobetzeaz ari gara. Emakume askok isilean egin dituzten zainketa-lanak ikusarazteaz ari gara. Lan horien ahanzturaren aurrean, egindako ekarpena aitortzeaz ari gara. Independentzia ekonomikoaz ari gara, bikotekidearen edo ezkontidearen menpe dagoela kontuan hartu barik. Itxaropenaz ari gara, uzkurduraren ordez. Pentsio txikienetan genero-arrakala desagerrarazteko bideaz ari gara, desberdintasunak ezabatuta. Etxebizitzaz, elikaduraz eta zerbitzu sanitario eta soziosanitario duinez ari gara. Etxean giltzapetuta geratzearen ordez aisialdirako aukera nahi dugu. Kultura kontsumitzeaz ari gara, ahuleria saihestuta. Bizitzaren azken fasean zokoratuta amaitu beharrean eskubide guztien jabe amaitu nahi dugu. Herritarrei ahotsa emateaz ari gara isilarazi egin ordez. Erakundeak herritarrengana hurbiltzeaz ari gara. Ateak zabalik nahi ditugu. Azken batean, autoritarismo baztertu eta demokrazian aurrera egiteaz ari gara.

2026rako Legebiltzarreko aurrekontuari buruzko eztabaidaz ere ari gara. Pertsonengan pentsatu behar da, pertsonak eztabaidaren erdigunean jarri behar dira. Modu prekarioan bizi den kolektibo baten bizitza duintzeaz ari garenez, aurrekontuan aldaketak egin beharko dira. Baina etorkizuneko pentsiodunen belaunaldientzako hobekuntzez ere ari gara. Etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen, prekarizatuta dauden sektoreetan lan egiten duten pertsonek prekarioak izateari utzi behar diote. Egoera prekarioak amaitzeko hartu beharreko neurriak har daitezen dei egiten diegu negoziatzera eta soldatetan hobekuntzak erabakitzera gaitasuna dutenei. Egoera ahulean dauden pertsonentzat mundu hobea eraikitzeaz ari gara. Gazteagoei, oraindik pentsiodunak ez direnei, egoera hobea eta egonkorragoa utzi nahi diegu egin dugun proposamenarekin. Horretarako, Herri Ekimen Legegilean dioguna onartzea eskatzen ari gara, izan daitekeen beste modu edo formula baten bidez.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bere aldarrikapenen alde borrokatzen jarraituko du. Pentsio duinak, genero-arrakala desagerrarazteko eta gainontzeko aldarrikapenak lortu arte borrokan jarraituko dugu, Pentsioak Osagarritzeko Sistema Propioa lortu arte.

Ana Mezo Basaras