Lehen Hezkuntzako irakasle eta tutore izateko, zenbat formatu behar da oinarrizko pedagogietan eta zenbat didaktika espezifikoetan? Ikuspegi talkak haustura eragin du etorkizuneko irakasleen ikasketa planean.
ARGIAn berriki kontatu dugunez, bi urte eta erdi daramatzate Espainiako Estatuko Hezkuntza fakultateetako hainbat dekanok, tartean Hego Euskal Herriko batzuek, irakasleen hasierako formakuntzari buruzko Liburu Zuria prestatzen, Espainiako Hezkuntza Dekanoen Konferentziak hala eskatuta. Teorian, Espainiako Gobernuak kontuan hartuko du Liburu Zuria, irakasleen etorkizuneko formazio irizpideak finkatzeko. Azaroaren 17-18an bozkatuko da behin betiko testua, baina babes nahikoa omen duen zirriborroa hainbat hedabidetan filtratu delarik, barne-desadostasunak agerian geratu dira, baita Euskal Herriko dekanoen artean ere.
Tentsioa Lehen Hezkuntzako irakasleen formakuntza planak eragin du. Hainbeste, ezen bi taldetan banandu behar izan diren, bakoitzak bere proposamenak egiteko. Taldeetako batek oinarri pedagogikoetan jarri du indarra, alegia irakaskuntza eta ikaskuntza egokirako oinarriak jartzen, faktore sozial, psikologiko eta kulturalak aintzat hartuta. Haurraren garapen integrala eta ongizatea ardatz hartuta, hezkuntza emozionala, garapen jasangarrirako hezkuntza, hezkidetza, sexu heziketa edota hezkuntza digital kritikoa nabarmendu dituzte. Ikasgeletan gaur egun dagoen aniztasun handia eta erritmo ezberdinak kudeatzen jakingo duten irakasleak prestatu nahian, trebezia komunikatibo eta sozioemozionalak, planifikaziorako gaitasuna… jorratzeari garrantzia eman diote, besteak beste.
Aldiz, beste taldeak didaktika espezifikoetan jarri du azpimarra. Abiapuntua honakoa da: Musika, Gorputz heziketa eta Ingelesa arloek irakasle espezialista bana dute Lehen Hezkuntzan, baina gainerako arloak tutoreak irakasten ditu –irakasle bakarrak hainbat arlo ematen ditu– eta, beraz, arlo horietako didaktika espezifikoak ongi menperatu behar ditu, behar bezala irakasteko. Zehazki, Matematika, Hizkuntza eta Zientzia jarri dituzte mahai gainean. Didaktika espezifikoa, nolabait, edukiaren ezagutza pedagogikoa da: irakasleak, arlo jakin bateko edukiak menperatzeaz gain, menperatzea baita ere horiek irakasteko moduak eta tresnak, jakitea ikasleek materia ulertzeko berau nola irakatsi.
Liburu Zuriaren zirriborroak ate bat ere uzten du zabalik: gaur egun tutoreak ematen duen arloren bat emateko irakasle espezialista sartzea Lehen Hezkuntzan, “hezkuntza sistemaren beharren arabera”. Adibidez, hezkuntza sistemak beharrezko ikusiko balu, Matematika irakasle espezialista bat izatea haurrek Lehen Hezkuntzan, DBHn ikasgai bakoitzak bere irakasle espezialista duen gisan.
Liburu Zuria-ren zirriborroak ate bat ere uzten du zabalik: gaur egun tutoreak ematen duen arloren bat emateko irakasle espezialista sartzea Lehen Hezkuntzan
Zalantzarik gabe, bai oinarri pedagogikoak bai didaktika espezifikoak garrantzitsuak dira irakasleen formazio eta roletan. Liburu Zurian zenbateko pisua emango zaien batzuei eta besteei, edo zenbateko pisua eman nahi dieten irakasle batzuek eta besteek, horiek dira liskarraren iturburu.
Espainiako Hezkuntza Dekanoen Konferentziak bi taldeen ekarpenak proposamen bakarrera ekarri dituenean, didaktika espezifikoko irakasleak haserre agertu dira emaitzarekin, iritzita haien ekarpen gutxi hartu direla kontuan. Are, prozedura okerraz gain, lehenengo taldearen aldeko hautu erabat partziala egin dela salatu du hainbatek. Eta zirriborroaren filtrazioak ondoren ekarri du didaktika espezifikoen Espainiako bost elkarteek (Zientzia Esperimentalak, Gizarte Zientziak, Hezkuntza Artistikoa, Hizkuntza eta Literatura, eta Matematika) salaketa bera egitea: “Pedagogoak baino ez diren irakasleak nahi dituzte, zientziak edo matematikak irakatsi beharko ez balituzte bezala. Jakintza didaktiko-diziplinarra rol marjinalera murriztu dute eta diziplinarteko artikulazioa eta haien irakaskuntza ordezkatu dituzte ikuspegi pedagogiko orokorrengatik”.
Behin betiko testua eta marra gorriak
Ez da giro Hezkuntza fakultateetan. Halere, testua oraindik ez da behin betikoa, eta azken egunotako polemikak tarteko, “ikuspegi guztiak ordezkatzeko” konpromisoa hartu du Hezkuntza Dekanoen Konferentziako presidenteak. Kanaria Handiko Las Palmasen egingo den azken bozketara marra gorriekin doa unibertsitate bat baino gehiago, baita Euskal Herritik ere.