Gurtel auziko epaiak eztanda politikoa lehertu du Espainian. Ostegun goizean PPren Gobernuaren aurkako zentzura mozioa izango da Kongresuan, eta Mariano Rajoyk presidente izateari utzi lekioke bozketaren arabera. EAJk ez-ohiko bilera du Gasteizen, euren botoa zein izango den erabakitzeko. Alderdi sozialistak kargua hartuko balu zein intentzio dituen jakin nahi dute jeltzaleek, eta PPren aurrekontuak estrategia horretan egotea begi onez ikusten dute.
Pedro Sánchez prest dago jeltzaleen aldeko botoa lortze aldera aurreko astean onartutako PPren aurrekontua bere horretan uzteko. Euren babesik gabe, hauteskundeak aurreratu beharko lirateke, eta aurreikuspen guztiek Albert Riveraren eskuineko alderdiari ematen diote garaipena. EAJk bide hori baztertu nahi du kosta ala kosta, adostutako 540 milioi euro ezerezean utzi ez ezik, Espainiako Kongresuan duen giltza ere galduko bailuke.
Zentsura mozioaren gakoak
176 diputaturen babesa behar du alderdi sozialistak zentsura mozioa aurrera ateratzeko. Podemosek bere babesa adierazi dio, 155 boto eskuratuz. Aldiz, ERCren, PDeCATen eta EAJren laguntza ere beharko du, ez baita aurreikusten Ciudadanosek bere alde bozkatuko duenik.
Ikusteko dago EAJk zer erabakitzen duen. Gasteizen daude bilduta Euzkadi Buru Batzarreko kideak, eta badirudi Pedro Sánchezen hitzaldiaren ostean esango dutela zein izango den haien botoa.
Beste aukera bat Mariano Rajoyk berak dimititzea litzake, eta hauteskundeak deitzea. Baina ez dirudi halakorik gertatuko denik.