Duela bi hilabetetik ezkutuan diren lau gazte auziperatuk Askegunea.com bidez deialdia zabaldu dute. Durangon azalduko dira abenduaren 8an eta herritarrei mozorrotuta joateko dei egin diete.
Idoya Iragorrik, Unai Ruiz Pouk, Goizane Pinedok eta Irati Mujikak Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzeari uko egin zioten eta ordutik ezkutuan dira. Ordutik hainbat lekutan publikoki agertu dira.
Zabaldu duten bideoan desobedientziarako dei egiten diete herritarrei.
"Igande horretako goiz eta eguerdi partean, Durangoko kaleetan, tabernetan eta liburu eta disko azokako postuetan ibili nahi dugu. Zuokin batera, Durangoko giro zoragarriaz gozatu nahi dugu. Baina noski, ez dugu atxilotuak izan nahi, gure ekimena ez dugu amaitutzat eman nahi oraindik. Polizia atzetik dugu ordea.Gu mozorro desobedientearekin jantzita joango gara. Baina gu soilik bagaude mozorrotuta, gureak egin du. Asko bagara ordea, haienak egin du."
Webgunean mozorroa egiteko txantiloia zintzilikatu dute.
Aipatutako lau gazteak beste 36rekin batera epaitzen ari dira. Segiko kide izan zirela egozten diete, eta guztira sei urteko kartzela zigorra eskatzen dute beren aurka. Igandean lau urte bete ziren Guardia Zibilak operazioa egin zuela, eta 40tik 30 gaztek torturatuak izan zirela salatu zuten. Hemen beren aitorpenak.