argia.eus
INPRIMATU
Ezkertiarron frustrazioa
  • Frustrazioa ezkertiarron berezko ezaugarria dela dirudi. Badakigu, (badakit) gurea dela proiekturik onena, justuena. Eta uste dugu inork ezinen liokeela ukorik egin, ongi ezagutuko balu. Horregatik, pentsatzen dugun guztia ongi azaldu ezin ahal izateak frustratzen gaitu. Nahiko genuke sinisten dugun hori zuzenean transmititu ahal izatea, azalik gabe, zorrorik gabe, bidean ezer galdu ez dadin. Halakorik ez dagoenez, komunikazioa behar dugu.

Ander Perez @ander_prz 2012ko abenduaren 03a

Aberastasunaren banaketa, justizia soziala edo klaserik gabeko jendartea, besteak beste, ia aho batez onartzen diren kontzeptuak dira. Baina onarpen unibertsal hori ez da gerora islatzen ordezkaritza politikoan, hauteskundez hauteskunde. Ez behintzat beharko lukeen proportzioan. Zergatik? Ezkerraren krisi orokorrean —bestalde, gainditzen hasia—sartu gabe, komunikazioaren praktikan topa dezakegu arazoa.

Batetik, gure proiektuaren kontakizuna egiterako momentuan, dagoeneko, mezua ez delako elementu bakarra. Azaldu nahi dugun hori kanpo faktore ezberdinek baldintzatuko dute. Hala, kontatzen duguna baino, nola kontatzen dugun da garrantzitsuena. Eta zentzu hortan, gure mezuaren hartzailearen emozio eta sentipenetan eragitea ezinbestekoa da, eskaintzen dugun proiektuaren parte senti dadin. Gure hartzaileak berarentzako proposamen baliagarri gisa ikusi behar du gure eskaintza, eta ez sektore politiko jakin baten kapritxo gisa.

Bestetik, bere proiektua azaltzeko antonimoen estrategia erabili izan du ezkerrak, gehiegi. Alegia, egungo sistemaren kritika egin gure alternatiba ezinbestekotzat jo dadin. Bide horretan, ordea, alternatiban baino kritikan sakondu dugu, eta gainera, ez gara ohartu izan kritikatzen genuen sistema horretan, orain arte, jende asko ongi bizi izan dela.

Gure proiektua ona dela erakusteko ez dugu are txarragoa den baten beharrik, konbentzimendu osoa baizik. Eta konbentzimendu horrekin eragin behar dugu gainerakoen emozioetan, gure frustrazioa, ezkertiarron frustrazioa, gainditzen hasteko.