argia.eus
INPRIMATU
Plaza Hutsa tailerra
“Ezkerreko independentismoak herrigintzan egin dezakeen ekarpenaz” tailerra larunbatean Durangon
ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 11

10:00etan hasiko da saioa, beraz, 09:30etarako bertaratzeko eskatu diete parte-hartzaileei. Sare sozialetan zabaldu dutenez 200 lagunek eman dute izena oraingoz.

Webgunean gogoetarako artikuluak eta bideoak zintzilikatzen ari dira. Larunbateko saioari dagokionez, eguneko programan irakur daitekeenez, ondorengoa da egitaraua:

Sarrera [10:00-10:10]

Plenarioan Saioaren kokapena eta metodologiaren aurkezpena.

1. Zatia [10:10-10:50] Plenarioan

Euskalerrigintzaz bi hitz: Nondik gatoz herrigintzari dagokionez? Non aurkitzen da Euskal Herria? Nolako herrigintza behar dugu? Zein izan behar da ezkerreko independentismoaren ekarpena fase politiko honetan?

2. Zatia [11:00-13:00] Lan-taldeetan

Espazio irekia metodologiaz baliatuz sei talde osatuko dira:

- Esku-hartze komunitarioa: Zeintzuk dira tokiko herrigintzaren aukerak hemen eta orain? Zein esku-hartze eredu eskatzen du horrek? Zer da udalgintza eredu berritzaile bat? Zer nolako inteligentzia estrategikoa behar dugu? Zer nolako saretze mota nazio mailan? Transform sarearen jardunaldiak Euskal Herrian, udalgintza ereduaren berrikuspena, eta honek eskatzen duen arkitektura nazionala eztabaidagai.

- Hezkuntza: Inposatuak zaizkigun hezkuntza sistemen porrota letra larritan nabarmentzeko momentua da. Hezkuntza eredu propioa gorpuztea premiazkoa da. Gaur hezkuntzan bizi ditugun arazo zehatzak erdigunean jarrita, etorkizuneko hezkuntza sistema publiko eta burujaberako herriestrategia adosteko premia dugu. Ezkerreko independentismoak gogoeta estrategikoa berrizteko garaia du.

- Feminismoa: Zer ekarpen egiten dio feminismoak Euskal Herriaren burujabetza prozesuari? Eta zer ekarpen burujabetza prozesuak feminismoari? Euskal feminismoak badu agenda datozen hilabeteetarako: Emakumeen mundu martxa, martxoaren 8a, Jardunaldi feministak... nola ekarri hau guztia gure praktika politikoaren erdigunera?

- Euskara: Euskalduntze fasearen agorpena bizi dugu eta euskararen etorkizuna ez dago bermatuta. Bigarren euskalduntze fase bat behar du euskarak, ibilbide estrategiko berri bat. Momentua hau oso berezia da. Aktibazio soziala antzematen da (Euskaraldia, Korrika) baina hortaz haratago, zer nolako herri-bulkada behar du euskarak? Euskarari dagokionez ere ezkerreko independentismoak gogoeta estrategikoa berrizteko garaia du.

- Euskal imajinarioa: Abertzaletasunak eraiki duen herri-imajinarioaren lausotze bat antzematen da. Euskal Herria bilduko duen ezein proiektu politikok ezinbestekoa du euskal komunitatearekiko pertenentzia sentimendu indartsu bat, komunikazio eta elkartasun espazio bat eraikitzea. Nondik eta nola eragin? Ba al dago epe motzean ekimen berritzailerik proposatzerik?

- Besterik: Proposatzen diren gaiez gain aukera izango da besterik mahaigaineratzeko.

3. Zatia [13:00-13:40] Plenarioan

Lan-talde bakoitzak bere hausnarketen berri emango du bost minutuko azalpen baten bidez.

Itxiera [13:40-14:00]

Datorren urtean Plaza Hutsak izango duen dinamikaren aurkezpena.