argia.eus
INPRIMATU
Ezkerreko gobernuz kanpoko erakundeak jomugan jarri ditu Israelek
  • Gobernuz Kanpoko Erakundeak atzerriko diru laguntzak jasotzen dituztela adierazten duten intsignia eta bereizgarriak eramatera derrigortuko dituen lege proposamena onartu dute Israelen.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 05
“Gardentasun legea” izena du Ayelet Shaked justizia ministroak aurkeztu duen lege proiektuak. Ez da Israelgo parlamentuan aurkezten den mota honetako lehen legea

Domekan Knesset-ak – Israelgo parlamentuak– lege proiektuaren alde bozkatu zuen. Legea onartzeko, ordea, parlamentuko komisiotik pasatu eta parlamentuaren babesa behar du.

Onartuz gero, legeak atzerritik euren finantzaketaren %50 baino gehiago jasotzen duten GKE-ei eragingo die, eta batez ere eskubide zibilen eta giza eskubideen aldeko erakundeak ditu jomugan. Finantza iturriak publiko egin beharko dituzte, estatuko funtzionarioekin batzartu beharko dira eta bereizgarriak eraman beharko dituzte soinean parlamentuan saioren batean agertu edo parte hartzen duten bakoitzean.

“Gardentasun legea” izena du Ayelet Shaked justizia ministroak eta Etxe Judua alderdiko kideek aurkeztu duten lege proiektuak. Ez da Israelgo parlamentuan aurkezten den mota honetako lehen legea. 2011tik hona Netanyahuren gobernuak hainbat saiakera egin ditu giza eskubideen aldeko erakundeak jomugan dituzten legeak aurrera ateratzeko. Orain arte baina, azken unean atzera egin du lehen ministroak. Oraingoan Netanyahuk ez du atzera joko, Haaretz egunkariak azaldu duenez. Azken lege proposamena aurrekoak baino “bigunagoa” da.

Kritika Europar Batasunetik eta ezkerreko alderdietatik

Europar Batasunak gogor kritikatu du GKE-en inguruko legea, eta Israelego gobernuari ohartarazi dio “ez geldiarazteko Israelgo gizarte demokratikoa, erregimen totalitarioen kutsua” duten legeekin. Bai Europa eta AEBak erakunde hauen finantziazio iturri nagusiak dira.

Neurri honen helburua zein den azaldu du Edo Konrad kazetariak +972Mag hedabidean. Bere esanetan, giza eskubideen alde lan egitea kanpoko gobernu batentzat aritzea dela zabaldu nahi du gobernuak, bide batez Israelen aurka diharduten eragileen mamua zabalduz.

Ayman Odeh Knesseteko parlamentariak adierazi du, lege honen bidez  Benjamin Nettanyahuren gobernuak Israelen geratzen den “demokraziarako tartea” suntsitzea duela helburu. “GKE-ak demokratikoa den edozein gizartetan ezinbesteko tresna dira, eta horregatik Israelgo subiranotasunaren etsai bezala paratu nahi dituzte”.

Eskuin muturraren erasoak

Azken asteetan gora egin du giza eskubideen eta ezkerreko erakundeen aurkako jazarpenak. Joan den astean Im-Tirzu eskuin muturreko taldeak “gorroto kanpaina” abiatu zuen erakunde hauen aurka. Israelen interesen aurka ari diren “atzerriko agenteak” direla aldarrikatu zuten. Gobernuko zenbait ministrok ere soldaduen testigantzak biltzen dituen Breaking The Silence GKEaren aurkako adierazpenak egin dituzte azken asteotan.

Nazio Batuetako errelatoreak dimisioa aurkeztu du

Makarim Wibisomok, Palestinako giza eskubideen arloko Nazio Batuen errelatoreak, dimititu egin du Israelen elkarlan faltagatik. Israelek Palestinako lurralde okupatuetara sartzea debekatu dio. Wibisomoren dimisioa martxoaren 31n jarriko da indarrean, lurralde okupatuetako giza eskubideen egoeraren inguruko azken txostena aurkezten duenean.

Errelatoreak salatu du okupaziopean bizi diren biktima palestinarren egunerokoa hobetzeko egindako saiakera guztiak oztopatu dituela Israelek. Palestinako Gobernuarekin, ordea, elkarlana "erabatekoa" izan dela azpimarratu du. Gogoratu du, 2014ko ekainean, kargua hartu zuenean, lurralde okupatuetarako sarrera ziurtatu ziotela, baina ordutik hona egindako eskari bakarrari ere ez diola erantzun Israelgo Gobernuak.

Wibisomok adierazi du bere ondorengoa egoera konpontzeko gai izatea espero duela, eta Israelgo Gobernuari eskatu dio Nazio Batuekin elkarlanean aritzeko giza eskubideen alde.