Indar politikoaren bulegoetan izan zen erasoa urte berriaren goizaldean. Nafarroako Ezker Batuak (NEB) salatu duenez, kalte arinak, pintaketa faxistak, eta diru kopuru ez oso handia eta material informatikoa lapurtu diete.
Lokalaren barruan egindako pintaketetan “Gora Espainia” eta “Gorriak arekara” idatzi zuten eta gezurrezko pistola bat ere utzi zuten. Ezker Batuak gogor salatu du erasoa eta adierazi du alderdian halako ugari jasaten ari direla estatu osoan; besteak beste, duela hilabete batzuk, alderdiko afiliatu batek etxeko buzoian jaso zituen mehatxu faxistak zituen idazkia. “Ezker Batuko emakume-gizonak –diote alderditik– ez gara kikilduko eta are eta indar handiagoz berresten ditugu faxismoaren aurkako gure ideiak”.
Lizarrako indar politiko eta sozialek erasoa salatu dute, horien artean herriko alkate Koldo Leozek. Hemen txio bidez zabaldu duen mezua: “Lizarran mehatxu faxistek ez dute lekurik. Nire elkartasun osoa Ezker Batuko kamaradekin. Hiriko gehiengo sozial eta politikoak, lanean jarraituko du askatasunaren eta justiziaren alde”. Euskalerria Irratian astelehen goizez egindako elkarrizketan Leozek adierazi duenez, berak ere jaso izan ditu gutunez mehatxu faxistak.
Ezker Batuak deituta, astelehen honetan salaketa egingo dute Lizarran, Foruen Plazan, 19:00etan. Leoz alkateak hantxe izango dela adierazi du. “Atzo bezala gaur, ez dira pasako”, adierazi du NEBk eraso faxistaren aurrean.