Ezinegona hedatzen ari da

  • Zerbait erosi nahi zuen, ezin jakin zer. “Ba, begiratu San Martinen ea. Gainontzean gaur zaila dago” erantzun dio erretirotik gertu behar duen emakumeak. Eta San Martingo merkatal gunean bai, zabalik zeuzkan Fnac eta Bershka dendak, baina bestela, gauza handirik ez.


2012ko martxoaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Donostiako manifestazioaren irudia.

Pentsatzen dut gaur greba eguna zenik ez zekien edo jakin nahi ez zuen bezero horrek, esku hutsik egin behar izan duela etxerako bidea, azken urteotako grebekin alderatuta gaurkoak eragin askoz handiagoa izan baitu Donostiako erdigunean; merkatariek, lehenago ez bezala, bat egin dute protestarekin.

Gune zailenetako bat izaten da zentroa, kate handietako enpresek euren langileei horrelako protestak egiteko jartzen dizkieten zailtasunak –debeku inplizituak ez esatearren– direla eta. Baina Askatasunaren Hiribidean, aurreko grebetan ateak parez pare zabalik eduki izan dituzten dendak ere itxita zeuden gaur. Auzoetan nabarmenago oraindik: goizean Añorga geldirik zegoen; Ibaetako kanpusean, ohiko auto pilaren arrastorik ez, ikaslerik apenas, pikete informatiboak fakultate bakoitzaren ateetan; Antiguan ertzainen furgona bat eta agente ugari beste pikete bati segika; Grosen pertsianak erdi zabalik zeuzkaten denda batzuk, itxitako lokal pilaren artean; eta Igaran bai, autoen joan-etorria eta kontzesionario batzuk zabalik, hiriko beste lekuetan baino jende gehiago lanean.

Eguerdiko manifestazioak eman du mobilizazioaren benetako tamaina: Saguesetik abiatu den zutabearen burua Kursaalera iritsi denean, amaiera ikusi ere ez zen egiten. Gainontzeko zutabeekin elkartzean, pilaketa. Artzain Onaren katedralera iristeko luzaz geldirik egon behar izan dute manifestariek.

Zalantza gutxirekin esan daiteke: Donostian gaurko grebarekin jauzi kuantitatiboa eman da, ez zen hainbeste jende bildu protestan 2009ko maiatzean, 2010eko ekainean edo 2011ko urtarrilean. Lan erreformaren haginkadek geroz eta sektore zabalagoak zauritzen dituzte eta, ezinegona ere hedatzen ari da.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude