Astelehen gauerdian iritsi ziren Bilboko aireportura Mikel Zuloaga ‘Mikelon’, Jotas Osés, Itziar Moreno eta Abdel Karim el Khamlichi Global Sumud Flotillako euskal aktibistak, Israelgo Kiotz espetxean lau egun eta itsasoan hilabete eman ondoren. Astearte gauean erantzun ditu Mikelonek ARGIAren galderak.
Heldu berri zarete, bizipen luze eta gogor baten ostean. Zer moduz zaudete zu eta zure taldekideak fisikoki eta emozionalki?
Indartsu gaude, batez ere Euskal Herrian zein nazioartean palestinarren alde eman diren erantzunen berri izan ostean. Oraindik internazionalismoa existitzen dela ikusteak neke oro kentzen dizu.
Zuen aurretik espetxetik atera direnak tortura eta tratu txarren testigantza eman dute. Zer tratu jasan duzue zuek egun horietan?
Eskubideen urraketak eta tratu txarrak etengabeak izan dira, amaiezina litzateke gutako bakoitzak jasan behar izan ditugunak zerrendatzea. Baina beti pentsatu dugu, “gu lau egunetan horrela tratatzen bagaituzte, zer gertatuko da palestinarrak urteak preso daramatzaten moduluetan?”. Pentsatze hutsak gogorrago bihurtzen gintuen.
Esango nuke azken flotilla honek bat egin duela irailetik aurrera Palestinaren aldeko mobilizazioaren inflexio-puntu batekin, bai Euskal Herrian, bai mundu osoan, eta, aldi berean, flotillak inflexio-puntu hori elikatu duela. Zer balorazio egiten duzue?
Zirraragarria litzateke pentsatzea ontzidiak balio izan duela genozidioaren aurkako eta Palestina aske baten aldeko mobilizazioetarako espoleta edo inflexio-puntu gisa, baina zintzoki uste dut jendearen amorruak jarri duela flotilla aitzakia edo sinbolo gisa, esateko: "Ezin dut onartu sarraski honek jarraitzea, nahikoa da!".
"Jendearen amorruak jarri du flotilla aitzakia edo sinbolo gisa, esateko: "Ezin dut onartu sarraski honek jarraitzea, nahikoa da!"
Aurreko flotilletako batzuek edo Gazara lurrez Egiptotik sartzeko saiakerak nolabaiteko etsipena sortu dute. Zuk ekimen horietako batzuetan parte hartu duzu. Ontzidi honek dimentsio eta oihartzun handiagoa lortu du. Zer sentipen duzue?
Herri mugimenduetan inoiz ez da jakiten noiz sortuko den txinparta; horregatik, iraunkortasuna funtsezko elementua da borroka eraikitzeko orduan. Ekin eta ekin egin behar da proiektuak sendotu daitezen. Oraingoan, flotillak bat egin du palestinarren borroka kaleak hartzea eragin duten hainbat elementurekin.
Flotillaren aurkako erasoa salatzeko Euskal Herrian egindako mobilizazioak izugarriak izan ziren, ez duzue horien berri izan itzuli zareten arte. Ustekabean harrapatu zaituztete?
Erabat isolatuta eduki gaituzte, ez genekien zer gertatzen zen. Baina gure ontzia bahitu aurretik eta israeldar tropek har ez zezaten mugikorra uretara bota behar izan baino segundo batzuk lehenago, lagun batek zera idatzi zuen: "Mundua sutan dago, gora erresistentzia!". Gertatu denaren atarikoa izan zen.
Erasoa Trumpen "bakerako" planaren testuinguruan gertatu zen, mundu mailan Palestinaren aldeko mobilizazio masiboen erdian, Israel gero eta isolatuago dagoenean, baina bonbardaketek, goseteak, genozidioak ez dute su-etenik. Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Indar okupatzaile orok mehatxutzat jotzen du beti biztanleria okupatua. Biztanleria horrek erresistentzia agertzen duenean, botere okupatzailearen armetako bat genozidioa da. Israelek eta AEBk duten funtsezko arazoa da genozidioa krudelkeriaz bakarrik burutu dezaketela. Eta krudelkeria horrek jendearen sentiberatasuna mugiarazten du.
Orain, genozidioa zuritu nahi dute "Trump bake planarekin". Menderatze-plan bat, sionismoz jantzitako kapitalismorik ageriko eta krudelena.
Zure ustetan, zer egiteko garaia da orain genozidioaren aurkako eta Palestinaren aldeko borrokan?
Lehenik eta behin, genozidioa gelditu egin behar da, Israel isolatuta, harreman ekonomiko, instituzional, akademiko, kirol edota kultura mailako harreman guztiak hautsita... Ezin dugu onartu Euskal Herrian inork holokaustotik etekinik ateratzea. Bigarrena, mobilizatzea eta herri gisa boikota egitea da, Palestina aske izatea lortu arte. Eta hirugarrenik, Palestinako herriarentzako erreparazioaren, itzuleraren eta autodeterminazioaren proposamena landu behar da.