Sei urte, sei urte luze, pasa dira Ciudadanos alderdi politikoak bere mitina egin zuenetik gure herrian. Bere mitina apirilaren 14an, errepublikaren egunean, eta inongo ordezkaritzarik ez duen herri eta lurralde batean. Ohituak gaude horrelako probokazioekin, baina egia da Faxismoaren oldarraldi honen aurrean ezin dugula ez geldi ez mutu geratu.
Hori dela-eta, hainbat herritar (ez esateagatik herriaren zati handi bat) kalera atera ginen. Alderdi eta pentsamendu desberdinetako pertsonak izan ginen kaleetan gure desadostasuna adierazteko, denok batera.
Beraien mitina egiteko Xenpelar plaza itxi zuten, eta segurtasun neurri ugari izan zituzten. Bien bitartean gure egunerokoa egiten saiatu ginen, hori bai, Catalunyako herriari gure babesa adierazita (gogoratu plazan agertu ziren xingola hori erraldoiak) eta Faxistak gure herrian ez direla ongi etorriak adierazita. Nola? Oihu, kazerolada eta abarrekin. Hori indarkeria omen da, ez gure desadostasuna adierazteko eskubidea.
"Sei urteren ostean epaiketaren ataritan ginela akordio batera iritsi gara fiskaltza eta akusazio partikularrarekin. Gutako batzuek sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dugu,
eta beste batzuek isuna ordaindu beharko dugu"
Horren ondorioz, hainbat herritar inputatuak izan ginen hainbat delitu egotzita (atentatua, mehatxuak, ordena publikoa urratzea...) 13 urteko espetxe zigorra eskatzera iristeraino. Sei urteren ostean epaiketaren ataritan ginela azken unean akordio batera iritsi gara fiskaltza eta akusazio partikularrarekin. Akordio honen ondorioz, gutako batzuek sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dugu,
horrek dakarrenarekin (aurrekari penalak, inhabilitazioak, “delitu” bera egiteko debekua), eta beste batzuek isuna ordaindu beharko dugu, guztira 28.000€ inguru.
Ez da justiziarik egin, ez da zilegi faxismoari aurre egiteagatik eskatu zizkiguten karguak egoztea, eta azkenik espetxearen artean eta isunaren artean erabaki behar izatea. Eta dena gure eskubideak eta jendartea arriskuan jartzen dituzten faxista horiei aurre egiteagatik. Eta argi esan nahi dugu hau beste pausu bat besterik ez dela Euskal Herriaren kontra, euskararen kontra, emakumeon eskubideon kontra, langileon kontra, LGTBIQ+ kolektiboaren kontra, pertsona arrazializatuen kontra... neo frankistek ez dute etsiko eta erasoek eta probokazioek jarraituko dute, baina guk argi aldarrikatzen dugu desobedienteak izateko eskubidea, eta eskuin muturrari aurre egiteko zilegitasun eta eskubide osoa dugula. Egin genuen, eta ez gara damutzen.
Azkenik, herritarroi dei bat egin nahi dizuegu: jarrera totalitario hauen aurrean tinko erantzuten jarraitu behar dugu (aurten ere Vox alderdi ultra-eskuindarraren aurka egin genuen bezala), ezin dugu kikildu fatxerioaren aurrean. Ez dira pasako!
Isunei aurre egiteko hainbat dinamika ezberdin burutzea pentsatzen ari gara, hortaz, adi egon, udaran zehar komunikatzen joango gara nola lagundu ahalko duzuen. Eskerrik asko Orereta!