Ezezkoa Evo Moralesi: porrotaren zenbait gako

  • Boliviako erreferendumaren kontaketak aurrera jarraitzen du eta badirudi Evo Moralesek ez duela konstituzioa aldatzeko babesik lortuko. Oraingoz, ezezkoa da nagusi, bozen %54,3. Bide hori jarraitzekotan 2019ko hautagaien zerrendatik at legoke Boliviako presidentea.


2016ko otsailaren 23an - 13:33
Cochabambako behartsuek estimu handia diote Evo Moralesi. (Arg: Reuters)

Oraindik bozen %80 besterik zenbatu ez badute ere, gobernuak onartua du porrota, nahiz eta Alvaro Marcelo García Linera presidenteordeak azaldu duen emaitza aldatzeko tartea dagoela: “Oraindik inork ez du irabazi, ezta galdu ere”. Bitartean, oposizioak berean dihardu, ospakizunetan.

Inkesten arabera ezezkoa da nagusi, tarte txikiarekin. Moris enpresak kaleraturiko datuek %51 ematen diote ezezkoari; baiezkoak bozen %49 lortuko luke. Ipsoren galdeketan, bestalde, %52,3 erdietsi du ezezkoak. Emaitza horietan atzerriko bozak eta zenbait komunitate leudeke zenbatzeke.

Moralesen hegemonia kolokan

Zenbait irakurketa egiteko parada eskaintzen dute emaitzek. Evo Moralesek eta MASek (Movimiento al Socialismo) hegemonia galdu dute. Agintaldiko azken urteetan, Moralesen erabakien aurka azaldu dira herrialdeko zenbait eragile: ikasleak, esne-sektoreko langileak, zama astunen garraiolariak, koka ekoizleak… Euren aburuz, MASi hertsiki loturiko sektoreen alde jardun du gobernuak; horren harira protestak egin izan dituzte.

Erreferendumerako diseinaturiko kanpainak ere zenbait kritika piztu ditu. 2006an ekindako aldaketa prozesua amaitu nahi zuen Evo Moralesek, eta konstituzioaren erreforma gauzatu behar zuen horretarako. Baina zenbait herritarrek ez dute diskurtso hori sinetsi; batzuen iritziz, botereari eustea da MASen helburu bakarra. Kanpaina prozesu luze horretan zehar, gainera, ustelkeria kasuak agertu dira; horiek presidentearen irudia zikindu dute.

Bestetik, Venezuelako presidente Nicolas Maduroren iritziz AEBen eskua dago emaitza horien atzean: “Latinoamerikako burgesiak eta Ipar Amerikako inperioak, elkarlanean, Moralesen gobernuaren aurkako kanpaina zikin bat eraman dute aurrera”.

Cochabamba, Moralesen indar-gune

Cochabambako behartsuenen sostenguari eustea ez da nahikoa izan Evo Moralesentzat. Presidenteak departamendu hartan eman zituen lehen urratsak politikan, eta bertakoek estimu handia diote. Beren aburuz, presidenteak duintasuna eman dio herriari.

Cochabamban nabaria da aldaketa. 1990 eta 2006 urte bitartean, eremu arriskutsua zen droga-trafikoaren eraginez; liskar bortitzak pizten ziren armada eta koka-hosto ekoizleen artean. Arazo horri aurre egin nahian, Evo Moralesek garapen plan bat diseinatu zuen, azpiegiturak, elektrifikazioa, oinarrizko zerbitzuak, hezkuntza eta osasungintza hobetzeko urratsak emanez. Ordutik, herritarrek ez dute koka-hosto ekoizpenarekiko hainbesteko dependentziarik.

Ifrentzu gisa, Evo Moralesek erabat galdu du goi- eta erdi-klaseko herritarren babesa, zenbait pribilegio galdu baitute gisako neurrien eraginez. “Behartsuenei balio handiagoa ematen zaien une honetan, zuri moduan ere diskriminaturik senti zaitezke”, dio Cochabambako emakume zuri anonimo batek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude