argia.eus
INPRIMATU
Maria Chivite, PSNko idazkari nagusia
“Ez Rajoyri eta bai gobernu alternatibo bati”
  • PSNko idazkari nagusiak ez du begi onez ikusten alderdia jasaten ari den prozesua. Nafarroatik Pedro Sanchez defendatu ostean egoera berriaren aurrean hartu beharreko posizioaz aritu da.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 10
Maria Chivite senatuko interbentzio batean (Arg.: PSN)

Alderdiko idazkari nagusiaren dimisioarekin amaitu den prozesuaren garapena ez zaio egokia iruditu, baina bozketa baten ondorio izanik onartu beharreko dela dio. Egoera zailean dauden arren denborarekin konponduko dela uste du. Hala azaldu du Diario de Navarra egunkariari eginiko elkarrizketa batean.

PSNko kideak garbi du alderdiak Nafarroan duen posizioa. PPri ezezko botoa eman behar zaiola defendatu eta erabakia militanteen esku jartzen ez bada, PSNk beste zerbait bozka dezakeela aurreratu du: “Ez naiz inoiz bozka diziplina apurtzearen aldekoa izan, baina Nafarroako zuzendaritzako hainbat kide planteatzen ari dira”. PSNk Espainiako parlamentuan duen diputatuarekin hitz egingo dutela azaldu du.

PSCk aurreraturiko ezezkoarekin bat egin dezake, beraz, Nafarroako alderdi sozialistak. Chiviteren esanetan Madrilgo talde parlamentarioan “tentsioa” dago momentu honetan.

Alderdiak Nafarroako azken hauteskundeetan izaniko beherakadaren ondorioz ikasi dutela adierazi du, estatu mailan berdina gertatzea saihestu nahi dutela argudiatuz. “Nafarroan ikasi dugu gobernuan daudenei laguntzeagatik alternatiba izateari uzten diozunean, gobernurako aukera izateari ere uzten diozula” dio Chivitek.