Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi-baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak mahai-gainean jartzeko nahiaren beste adierazpen bat izan zen.
Donostia bisitariekin negozio egiten duen makineriaren menpe dago. Sustapen turistikoak eta etxebizitzak euren bizileku funtziotik urruntzen dituzten espekulazioak edo ostatu-erabilerek garestia zena ordaindu ezinezko bihurtu dute; etxebizitza larrialdi soziala eragin dute eta donostiar ugariren bizi-proiektuak gogor kolpatu dituzte. Ehundaka gaztek eta bizilagunek Donostia utzi behar izan dute, eta horrek gure auzoetako ehun sozialean min handia egiten du. Turistifikazioaren ondorioak ez dagozkio ondorio ekonomikoei soilik: hiriko kaleak, gure harremanak, mugikortasuna eta kultura ere merkatuaren zerbitzura jartzen ditu, komunitatearen kohesioa eta dinamismoa elikatu beharrean.
Honen aurrean, erakunde publikoen erantzun bakarra hitz ederrez eta neurri sinboliko murritzez osatutakoa da. Orain turismo eredu "integratzailea, jasangarriagoa, onuragarriagoa, gobernantza kolaboratiboan oinarritua, adimentsua eta iraunkorra" omen dakarkigute. Gainezka egiten dute hitz iradokitzaile zehaztasun gabeek turismoari buruzko dokumentu ofizialetan. Baina auzia zera da: prest al daude turistifikazioarekin aberasten ari direnen negozioari mugak jartzeko, donostiarron hobe beharrez? Prest al daude desazkunde turistikoaren bidea hartu eta turismo jarduerak Donostiako hiri-ereduan duen gehiegizko pisua murrizteko neurriak ezartzeko?
Ez doa norabide horretan etxebizitza turistikoen kopurua bere horretan mantentzea; Loiu eta Hondarribiko hegaldien ugaritzea; turismoa sustatzeko azoka, kanpaina eta ordaindutako prentsa erreportajeak finantzatzea; komunitatearen premien gainetik turismoaren azpiegiturei lehentasuna ematea; Bruce Springsteen kontzertuetarako dirutza publikoa inbertitzea; edo 2030eko Munduko Futbol Txapelketa hirira ekartzea, adibidez.
Besteak beste, azken asteetan tasa edo zerga turistikoaren gaineko propaganda ekintza koordinatua pairatu dugu. Eztabaida urtetan luzatu da, ezarpenaren kontra dagoen industria turistikoaren mesedetan. Dena den, kontua da, zerga turistikoak ez duela turismoaren hazkundea zalantzan jartzen. Ziurtzat jotzen da turismoak gure eredu ekonomikoan duen pisuak hazten jarraituko duela, eta horrek eragiten dituen kalteei erantzuteko beharra betikotu egingo dela. Egoera eramangarriago egin nahi digute, edo protestarako arrazoiak konpentsatu, nolabait. Tranpa bat da. Turistifikazioaren kalteak egiturazkoak dira eta, beraz, egiturazko aldaketaren bidez soilik jar diezaiekegu amaiera. Desazkunde turistikoaren norabidea hartu bitartean, ez da emango gehiengoaren beharren araberako hiri-eredura aldaketa.
Hiri eredu aldaketak eskatzen du ohartzea komunitate-harremanak eta dinamismo soziala direla Donostiaren eta donostiarron ondare eta ondasun handiena. Horrek esan nahi du auzoetako bizilagunei eta oinarri sozialeko taldeei, lehenik, errespetuz tratatzea. Jendartearen aldeko edonolako jardueratan dabilenari hitza ematea, babesa eskaintzea eta baliabideak bermatzea. Desazkunde turistikoak hiria donostiarron zerbitzura jar dezake berriro, bizilagunon arteko loturak sendotuz eta itxurakeria komertzialetatik harago, bere benetako nortasuna indartuz. Hiriko eta auzoetako bizitza erraztu eta bultzatu behar dugu, behetik gora. Kaleak eta plazak kontsumorako soilik ez; ibiltzeko, jolasteko, atseden hartzeko eta elkar ezagutzeko gune bihurtzea da helburua. Eta hau ez da sinbolikoa soilik; egiturazko aldaketa da, eta behar-beharrezkoa.
Donostiako borroka hau ez da bakarra: Europa Hegoaldeko hiri askotan ere badabil antzeko erreakzioa eta norabide aldaketarako grina. Aspaldi turismoa pagotxatzat jotzen zen hainbat lekutan mugara iritsi gara. Eta galdera garbia da: zer nahi dugu gure hirientzat? Inbertsiogileen irabazietarako eta kontsumo masiborako moldatutako resorta izan nahi dugu? Ala zaintzan, ekonomia orekatuan, kulturan eta komunitate-loturetan oinarritutako ekosistema soziala? Gure aldetik, erantzuna ere garbia da: desazkunde turistikoa orain! Eutsi diezaiogun aldarrikapenari; antolatu gaitezen bizilagunekin; eraiki ditzagun alternatibak.
Nerea Arregi Topas, BiziLagunEkin plataformako kidea