argia.eus
INPRIMATU
“Ez nuen minik sentitzen, soilik etorkizunean pentsatzen nuen”
Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 24a
Daouda, Burkina-Fasoko 22 urteko gaztea, besoa eta gorputza urratu zuen Melillako hesia saltatu nahiean. (Argazkia: Jesus Blasco de Avellaneda)

Daoudaren urratutako besoaren argazkiak zeresan handia eman du. Alanbre arantzadunez beteriko hesiaren eztabaida mahai gainean jarri da berriro ere, nahiz eta  barne ministroak adierazi “segurua eta ez erasokorra” dela.

Burkina-Fasoko gaztea alanbre-hesia gainditzeko prest zegoen, nahiz eta ahalegina arriskutsua izan. Lau metro eskalatuta zituela, irrist egin eta besoa alanbre arantzadunean katigatu zitzaion. “Hesia gainditu nuen, ez nuen minik sentitzen. Hesiak eragindako zauriekin ezin nintzen mendira itzuli, itzuliko banintz hil egingo nintzateke”.

Gorputza zauriz betea izan arren, zorionekoa sentitzen da. Lehenengo ahalegina zuen hesia gainditzen. “Beste kide askok urteak behar izan dituzte hona iristeko. Askotan kanporatu dituzte. Ni behin saiatu naiz eta hemen nago”.