argia.eus
INPRIMATU
Ez Nafarroaren Eguna, ez Eusko Eguna, ez Sarako Biltzarra...
  • Ipar Euskal Herriko Hitza-k aditzera eman duenez, koronabirusak bazterrak inarrosi ditu munduan barrena, baita gure mundu tipia ere: Nafarroaren Eguna, Eusko Eguna eta Sarako Biltzarra bertan behera utzi dituzte antolatzaileek, besteak beste. Herri Urrats ospakizuna izanen denentz datozen egunetan erabakiko dute antolatzaileek.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 27a

Basaizeako arduradun Maider Lurok Nafarroaren Egunik ez dela izanen eman du aditzera, etsiturik. Aurtengo Nafarroaren Eguna apirilaren 26an egitekoa zen, Baigorriko besta nagusia.

Eusko Eguna apirileko lehen astebururako zegoen iragarria Ezpeletan. Euskal Moneta elkarteko kideek bertan behera utzi dute hau ere: “Ez da izanen 2020an, eta ez dugu gibelatuko”, jakinarazi du Regis Eneriz elkarteko langileak. “Hurrengo edizioa 2021ean izanen da. Konplikatua zen atzematea beste data bat”.

Biarritz Culturek antolatutako Bi Harriz Lau Xori jaialdia ere ez da ospatuko. Bi Harriz Lau Xori jaialdiaz gain, publiko gaztearentzat finkatuak zituzten beste bi ikuskizun ezeztatu dituzte.

Sara, Biltzarrik gabe

Pazkoz egiten da liburu eta disko Sarako Biltzarra azoka ere ezeztatua izan da. Irailean antolatzea aztertzen ari dira. Urte berezia behar zuen izan, lehen aldikoz, antolatzaileen asmoa haur literatura azoka berria sortzea baitzen: “Datorren urtean antolatuko dugu, eta hirugarren egun bat gehituko diogu”.