argia.eus
INPRIMATU
Ez, Jaurlaritza ez da hasiko etxe hutsak desjabetzen
  • Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legearen artikulu gehienak eta erabakiaren berri ematean, zenbait mediok nabarmendu dute administrazioak orain aukera izango duela hutsik dauden etxebizitzak desjabetzeko. Titular horrek, ordea, ñabardura ugari eskatzen du.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 03a
Salbuespen ugari aurreikusten ditu legeak eta beraz, ez dirudi instituzioak etxebizitzak desjabetzen hasiko direnik.

Hasteko, legeak Konstituzionalaren galbahea pasata ere, hura aplikatu ahal izateko erregelamendua beharrezkoa da eta hori garatzen hasiko da orain Eusko Jaurlaritza. Horrek denbora hartuko du, gobernu autonomikoak “berme handienekin” bideratu nahi duelako gaia.

Beste hitz batzuekin esateko: Etxebizitza Lege berria aurrerapausoa da orain arteko egoerarekin konparatuta, erakundeei aukera handiagoak ematen dizkielako herritarren etxebizitza-eskubidea bermatzeko. Adibidez, etxe hutsen jabeei kanon bat ezarri ahal izango zaie, Ondasun Higiezinen Zergatik (OHZ) harago, beraien esku dauden pisuak alokairuan jartzea bultzatzeko.

Eta hori baino gehiagorako aukera ere emango du, berez, lege berriak, instituzioek etxe hutsak desjabetzeko aukeraraino. Baina posibilitate hori gertatzeko, baldintza oso bereziak eman beharko lirateke: gune konkretu batean etxebizitzen “beharrizan sozial” berezia egotea adibidez. Zenbaiten ustez, testua lurrera ekarrita, desjabetzeko aukera inon egotekotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan legoke, Gasteizen, Bilbon eta Donostian baitago etxebizitza premia asegabe handiena.

Baina hala ere, ez dirudi Jaurlaritza prest dagoenik etxebizitza eskubidea bermatzeko hutsak dauden pisuak desjabetzen hasteko. Hasteko, inor bizi ez den etxe bat zer den definitzerakoan, salbuespen ugari aurreikusten direlako: bigarren etxebizitzak, adibidez, ez dira sailkapen horren barruan sartzen; ezta alokagai edo salgai daudenak ere, inor bizi ez arren. Bi urte baino gehiagoz jarraian egon beharko du hutsa etxeak, bere funtzio soziala betetzen ez duen etxetzat hartzeko; eta hutsik egotea justifikatu gabe egon behar da.

Etxe batean inor bizi ez dela dekretatzeko, haren jabeekin audientzia bat egingo dela aurreratu du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak eta egoera horretara iritsi aurretik jabeek aukera izango dutela beraien pisuak alokairuan jartzeko. Horretarako prest ez baleude bakarrik aplikatuko litzaieke kanon bat –10 euro metro koadroko– edo neurri gogorragoak, adibidez, derrigorrez alokairuan jarri beharra, premia handia dagoen lekuetan; eta azken-azken neurri gisa, desjabetzea.