"Ez ginen ohartzen sexu erasoak jasaten genituela"

  • Arrasateko Viatoristek San Viator kudeatzen zutenean, Jose Angel Arregui irakasleak sexu gehiegikeria ugari egin zituen, hainbat ikaslek salatu bezala: "Gure zakila edo ipurdia berari erakustea", "esperma mikroskopioz ikustea",... 2009an Txilen atxilotu zuten haur-pornografia ugari edukitzeagatik. San Viatorreko delitu horiek, baina, preskribatu dira, eta R.N. arrasatearrak eskatzen du horrelako delituek preskribitutzat ez jotzea.

150.Angel.Arregi.EFE (id: 502332)

Orain direla 30 urte Gaztelupe ez zen Arizmendi Ikastola, San Viator deitzen zen, eta viatoristen orden erlijiosoak kudeatzen zuen. Orduko irakasleetako bat Jose Angel Arregi Eraña zen (Bilbo, 1957), eta Arrasateko ikastetxean irakasle bezala 1979an hasi zen. Erlijioso honek gimnasia eta erlijioia ikasgaiak irakasten zituen, eta orain 30 urte inguru 40 ikasleko gela baten tutorea zen.

Gela horretako pertsonetako bat R.N. arrasatearra dugu, OHOko 7.-8. kurtsoko ikasten ziharduena. Berak eta gela honetako ikasle ohi batzuek Mondraberri.eus egunkariari salatu bezala, Arregik lehen egunetik bere botereaz abusatu zuen: "Lehen eskola egunean, lezio bat eman nahi izan zigun, eskolako instalazioak errespeta genitzan: Boluntario bat eskatu zuen ikasleen artean. Inork ez zuen hasieran eskua altxatu, baina azkenean baten batek amore eman zuen-edo. Arregik 10 belarrondoko eman zizkion, bata bestearen atzetik, bere diziplina ezartzeko".

Izan ere, bere ikasleek batez ere azpimarratzen dute Arregiren izaera eta jokabide "biolentoa". Orduan hasi ziren haur hauentzako lezio mingotsak: "Beste egun batean gutako bati frakak jaitsi zizkion gela guztiaren aurrean".

Arregi ere gimnasia irakasle zuten, eta kutsu sexualetako ukituak egiten zizkien: "Batzuetan dutxetara sartzen zen, gu dutxatzen ari ginela, eta gure ipurmasailetan txaloak ematen zizkigun". Gimnasioa gehiegikeria hauen lekuko izan zen: "Gutako beste bat gimnasioko gela ilun batera sartu zuen, eta barruan denbora bat eman ostean, negarrez irten zen. Inoiz ez genuen jakin zer egin zion". Abusu sexualei dagokienean, larrienetako banan-banan egin zien: "Arregik behin ikasleoi agindu zigun gimnasiotik banan-banan pasatzea. Beraz, gimnasio barruan ikasle bakoitzak bakarrik egon behar zuen Arregirekin, denbora batez".

Une horretan "Arregik prakak jaistea eragiten zigun gutako bakoitzari, gorputzaren formazioarekin zerikusia zuen azterketa bat zela esanez. Gainera, Arregik agintzen zigun gure zakil eta ipurdiak berari hobeto erakustea". Beste egun batez haurrak San Viatorreko laborategira eraman zituen, eta "mikroskopikoarekin espermatozoideak ikus genitzala esan zigun". "Haurra zarenean ez zara konturatzen zer esan nahi duen horrek, ohartzen ginen gauza arraroak zirela, baina ez genituen abusu sexualak bezala hartzen". Horregatik "haurretako batek bere gurasoei gertatutakoa azaldu zien, eta gurasoek ikastetxeari kexa aurkeztu zion. Baina viatoristek ez zuen behar bezalako neurririk hartu". Urteak pasa ahala, "eta ikaskide ohiekin berba egitean, egoeraz jabetzen joan ginen, eta haserrea eragin zigun".

2009an Arregi Txilen atxilotu zuten haur-pornografia ugari edukitzeagatik: Milaka argazki eta bideo zituen sadomasokismoa, koprofilia, urofilia eta haurtxoekin sexu jarduerak erakusten zituztenak. Arregik erositako edo partekatutako material hortaz gain, berak grabatutako bideoak ere bazituen: Gasteizen, Basaurin eta Madrilen grabatutako irudietan ukipenak, adin txikikoei egindako masturbazioak, eraso fisikoak eta objektuekin egindako penetrazioak ageri dira.  Txileko epaitegi batek 2010ean Arregi bi urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuen, eta herrialde Hegoamerikarrean zigor horiek bere osotasunean betetzen dira.

Epaia ezagutu ostean, Viatoristen Kongregazioak Arregi kongregaziotik kanporatzeko prozesuari ekin zioten. Orduan aurreikusten zen Arregi Espainiako estatura estraditatu ahalko zela, besteak beste, Arrasaten egindako delituengatik epaitua izan zedin. Horretarako, hainbat biktimek salaketa judiziala aurkeztu zuten, eta "Arrasateko biktima batek ere salaketa judiziala jarri zuen", baina denbora luzea igarota, delitu hauek preskribatzen dira eta ondorioz ezin dira epaitu.

R.N.-k orain 43 urte ditu, eta argi dauka legeak zentzu horretan aldaketa behar duela: "Holako delituek ez lukete preskribatu beharko, ezta antzekoek ere, emakumeen aurkako biolentzia delituek adibidez, Justizia egin ahal dadin".

Albiste hau Mondraberrik argitaratu du eta komunikabideen baimenari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Gasteizen gizon bat atxilotu dute bikotekide ohia hainbat orduz lonja batean giltzaperatuta izan ostean

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonak Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean bahituta izan du emakumea zenbait orduz eta hainbat alditan egin dio eraso. Gizonak, urruntzeko agindua zuen, aurrez egindako tratu txarrak tarteko.


2024-03-15 | ARGIA
Gizon bati Iruñerriko institutu batean eta saltoki batzuetan emakumeak grabatzea leporatu diote

2023ko urrian jarritako salaketa baten harira, gizonaren etxeko gailu informatiko eta elektronikoak ikertzen ari da Foruzaingoa, eta material horretan aurkitu dituzte institutu bateko emakumeen komunetan egindako grabazioak, eta hainbat saltokitako aldageletakoak. Adimen... [+]


Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 41 urteko gizon bati Iruñean, bikotekideari sexu erasoak egiteagatik

Zortzi urtean ezingo da bikotekide ohiarengana hurbildu eta 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.


Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingaberi sexu erasoak egitea egotzita

Polizia-ikerketa zabalik dago eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela. Antza, "opariak" ematen zizkieten trukean.


2024-02-13 | ARGIA
Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan eta Ibarran, hiru sexu-eraso egitea egotzita

28 eta 37 urteko bi gizonezko atxilo hartu ditu Ertzaintzak, bata Tolosan eta bestea Ibarran. Biktimetako bi adin txikikoak dira.


Eguneraketa berriak daude