argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Iurrebaso, soziolinguista eta UEMA-ko ikerlaria
“Ez gaude xahuketetarako, arnasguneei lehentasuna ematea proposatzen dut”
  • Iurrebasok ohartarazi du euskararen biziberritzea geldialdian dagoela, eta ezer ez bada egiten, etorkizunak ez duela tankera onik. Aukerak alferrik galtzeko moduan ez gaudela uste du. Hala, haziak bereziki zein lursailetan erein proposatu du. Beharrezkotzat jo du euskararen biziberritzean efizienteagoak izatea eta gehiago eragin daitekeen eremuetan bereziki esku-hartzea. Bere ustez, ‘lursail’ emankorrenak arnasguneak dira. Lurralde-estrategia baten beharra aldarrikatu du, zeinetan arnasguneek lehentasuna izango duten. Gogoeta batzuk euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia bati begira hitzaldia eskaini zuen urriaren 17an, Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzian.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko urriaren 20a
Iñaki Iurrebaso, Azpeitian, arnasguneen inguruko hitzaldia ematen. UEMA

UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters erakundeek antolatu zuten konferentzia, urriaren 16an eta 17an, Azpeitian. Urriaren 17ko hitzaldietako bat eskaini zuen Iñaki Iurrebasok. Lerro hauetan daukazue hitz-hartzearen laburpen luzea, bere hitzetan jarrita: 

“Euskalduntzean efizientzia eta inpaktua lortzeko ardatz bat aukeratu eta gizartean adostea ez da kontzeptu berria. Duela hamarkada batzuk lehentasuna eman zitzaien belaunaldi berriei, umeetan inbertitzea erabaki zen, efizienteena izango zelakoan. Adina erabili zen orduan irizpide moduan. Estrategia horrek emaitzak eman ditu, asko aurreratu dugu, nahiz eta ez izan nahi beste. Lorpen hori badaukagu.

Proposatzen dut hurrengo jauzirako, pizkunderako, beste ardatz bat adostea, eta ardatz hori zonalde euskaldunagoei lehentasuna ematea da. Nahiko nuke pare bat urtetan, alor guztietan, barneratutako irizpide adostu bat izatea.

"Ondorioztatzen dugu Azpeitian euskaldundutako euskaldun berri baten eragina Bilbon euskaldundutako batena baino bost aldiz handiagoa dela" 

Hori azalduko dut bi zatitan. Batetik, euskalduntzearen inpaktua lurraldean neurtzen duen ikerketa azalduko dut, hau da, zein inpaktu eduki duten euskaldun berriek lurraldeetan. Hegoaldez arituko naiz, Ipar Euskal Herriko daturik ez dagoelako. Hego Euskal Herrian 285.000 euskaldun berri daude, euskaldunen %38. Bestetik, lurralde desberdintasunak agerian jarriko ditut, alegia, euskara edo gaztelania nagusi direnaren araberako bost eremuak erakutsiko ditut. Helburua da bi errealitate horiek batera aztertzea. Beraz, euskaldun berriak euskalduntasunaren araberako bost nagusitasun eremuetan kokatu ditugu, eta hiztun horiek, haien euskara erabilera aztertuta, eremu bakoitzean zein inpaktu izan duten neurtu dugu. 1996-2021 urte arteko datuak hartu ditugu. Lagina 7.062 hiztunekoa da.

Euskaldun berriek eremu euskaldunenetan hitz egiten dute gehien euskaraz

[Euskalduntasunaren araberako bost eremuak erakutsi ditu infografian]. Nagusiki gaztelaniaz egiten den eremuan daude Iruñea, Gasteiz, Bilbo…, hau da, populazioaren bostetik lau hor bizi da. Eremu horretan, euskaldun berrien %7,1ak egiten du gehiago euskaraz gaztelaniaz baino. Beste muturrera bagoaz, nagusiki euskaraz bizi diren eremura, euskaldun berrien %47,6ak egiten du gehiago euskaraz gaztelaniaz baino. Bi eremuen arteko aldea nabarmena da, euskaldun berriek ia zazpi aldiz gehiago hitz egiten dute euskaraz azkena aipatu dugun eremuan. Beste modu bateko neurketa ere egin dezakegu: euskaldun berriek beti ez dute euskaraz gaztelaniaz baino gehiago hitz egiten, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Hartu dezagun erabilera maila guztien batez bestekoa. Bada, nagusiki erdaraz ari diren eremuan euskaldun berriek %13,5 erabiltzen dute euskara, eta nagusiki euskaraz ari diren eremuan %59,8: 4,4 aldiz gehiago eremu batetik bestera. Bi neurketak kontuan hartuta, nagusiki euskaraz ari diren euskaldun berriena eta batez bestekoa, eremu batetik besterako aldea 5-6 puntukoa da.

Efizienteagoa da eremu euskaldunenean euskaldun berriak euskalduntzea

Zergatik egiten dute euskaldun berriek euskara gehiago eremu batzuetan eta gutxiago besteetan? Ez da arraroa horrela gertatzea, faktoreak hainbat dira: hizkuntza erabiltzeko aukera gehiago daukate; presio bat, bultzada bat dute hizkuntza baten alde; Bilbon gizarte arauak dio gaztelaniaz egiteko, baina Azpeitian euskaraz egiteko. Faktore gehiago: Bilbon [Bilbo eta Azpeitia herriak azalpenak sinplifikatzeko erabili ditu. Bilbok eremu nagusiki erdalduna adierazten du eta Azpeitiak nagusiki euskalduna den eremua] euskaldunek hobeto egiten dute erdaraz, eta Azpeitian hobeto egiten dute euskaraz. Eremu soziolinguistiko bateko eta besteko euskaldun berrien hizkuntza esperientziak ez dira berdinak, alde nabarmenak daude.

“Euskalduntzean efizientzia eta inpaktua lortzeko ardatz bat aukeratu eta gizartean adostea ez da kontzeptu berria. Duela hamarkada batzuk lehentasuna eman zitzaien belaunaldi berriei"

Ondorioztatzen dugu Azpeitian euskaldundutako euskaldun berri baten eragina Bilbon euskaldundutako batena baino bost aldiz handiagoa dela. Emaitza emankorragoa da eremu batzuetan, fruitu gehiago ematen du. Bestalde, zenbat kostatzen da pertsona bat eremu batean euskalduntzea eta zenbat bestean? Erabilera asko aldatzen da eremu batetik bestera, 5-6 puntuko  koska dago, hau da, baliabide gutxiago behar dira Azpeitian euskalduntzeko. Efizienteagoa da eremu batean euskalduntzea. Eta galdera bat: joera bera errepikatuko litzateke beste hizkuntza gutxituetan? Ipar Euskal Herrian gauza bera gertatzen da? Nik uste dut baietz.

Ereiteko lursaila aukeratzeko tenorean

Eremu soziolinguistiko batean eragina 5-6 aldiz handiagoa baldin bada, hizkuntza politiketan jaramon egin behar zaio horri? Datu hori kontuan hartu behar da?

Ipuin bat kontatuko dizuet. Lurralde batean gosetea dago. Ezaugarri desberdinetako lurrak dituzte, lur batzuk lantzeko errazagoak, beste batzuk zailagoak. Haziak lursail guztietan berdin botatzen dituzte. Azken bi-hiru uztetan jabetu dira lursail batek fruitu gehiago ematen duela, 5-6 aldiz emankorragoa da, beste lursail batzuekin alderatuta. Batzarrean bildu dira eta erabaki behar dute hurrengo uzta nola antolatu. Gogoratu gosetea dagoela. Zein lursail landu erabaki behar dute.

Gu ez gaude xahutzeko, efizientzia behar dugu, fruitu emankorrak lortu behar ditugu. Lan bera eginda, emaitza hobeak lortuko ditugu, eta hori komeni zaigu. Horretarako lurralde estrategia baten beharra daukagu. Proposatu dudan estrategia garatzeko hiru argudio daude. Lehenik, arnasguneak funtsezkoak dira euskararen biziberritzean eta gaur egun kinkan daude. Beraz, lehentasuna eman behar diegu. Bigarrenik, ikusi dugu eragina aldakorra dela eremu soziolinguistiko batetik bestera. Efizientziari begiratu behar diogu. Hirugarrenik, eremu bakoitzak rol desberdin bat duela jabetu behar dugu eta rol horien araberako ahaleginak egin. Eremu euskaldunenak motorrak dira, aitzindariak, eta horiek irradiatzaileak dira, gainerako eremuek horien irradiazioa jasoko dute. Hizkuntza politikak eremuen ezaugarrien arabera ere egin behar dira.

"Proposatzen dut hurrengo jauzirako beste ardatz bat adostea, eta ardatz hori zonalde euskaldunagoei lehentasuna ematea da. Nahiko nuke pare bat urtetan, alor guztietan, barneratutako irizpide adostu bat izatea"

Eremu erdaldunetan ere eragin behar da

Lurralde estrategia bat garatzeko bost irizpide zerrendatuko ditut segidan: 

1. Lurralde-eremu guztietan eragin behar da, badaezpada ere. Arnasguneei lehentasuna eman behar zaiela diodanean, ez naiz ari esaten lurralde erdaldunetan ez dela eragin behar.

2. Esku-hartze molde ezberdinduak eta egokituak egin behar dira eremu bakoitzean.

3. Ingurune euskaldunagoei lidergo papera aitortu. Esaten da hiriburuek bete beharko luketela paper hori, baina gure hiriburuek ezin dute lidergoa jokatu. Herrialdeak berak baino erdaldunagoak dira batzuk, Gipuzkoa adibidez.
 
4. Oinarrizko printzipioa hau litzateke: zenbat eta lurralde euskaldunagoa orduan eta arreta bereziagoa. Adibide bat jarriko dut: euskara doan ikasteko pausoak ikas-mailaka ari dira ematen. Igual astakeria bat esango dut, baina udalerri euskaldunenetatik hasiko bagina? Errezilen gutxienez sei laguneko taldea osatu behar da euskara-eskolak emateko; bada aurten lau lagun zeuden hasteko prest. Ezin dira kopuruok aldatu? Lau horiek, euskalduntzean, eragin handia daukate.

5. Eremu euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkorrago bihurtu. Adibidez, estrategia bat izan daiteke Bilboko familiak oporretan gune euskaldunetara joatea? Ezin dugu horrelakorik egin? Turismoa gure erara antolatuko bagenu, ingurune erdaldunetakoak euskaldunetara joan daitezen? Erasmus dagoen moduan, Euskasmus bat asmatu?

Eta bukatzeko, estrategia honek, agian, lurraldea zonifikatzea eskatuko luke, ez eskubideak murrizteko, noski. Mapa bat sortu, zonaldeak banatu, eremu euskaldunagoei legezko babes handiagoa eman eta politika aurreratuagoak egin.

[Hitzaldiaren bukaerara iritsi da Iñaki Iurrebaso. Adostasun batera heltzeko deia egin du]: Lehen oinarrizko ardatza argi izan genuen, adina. Abantaila handia izan zen ardatz hura aukeratu izana, eta emaitzak eman ditu. Uste dugu badaudela nahikoa arrazoi arnasguneak ardatz hartzeko. Saiatu gaitezen adostasun batera iristen”.