Bizi osoko kartzela zigorrak ezarri dizkie Marokok zortzi ekintzaile sahararri, 2010ean Gdeim Izikeko kanpamentuko protesta baketsuan parte hartzeagatik. Horietako bat da Hassana Aalia, Euskal Herrian bizi den sahararra. Marokok estradizioa eskatuko ote duen zain dago, Diagonal egunkariari adierazi dionez.
Hassana Aaliak 24 urte ditu eta harritu egin zuen bizi osoko kartzela zigorraren albisteak, delitu berarengatik epaitu eta aske utzi baitzuten lehenago. “Ez nekien bizi osoko kartzela zigorrak zer esan nahi zuen ere. Abokatuek uste zuten ezinezkoa zela delitu berarengatik berriz epaitzea eta, gainera, ni bertan egon gabe”.
Epaiketa politikoa izan da Hassanaren ustez. “Kondena hauen helburua sahararren artean beldurra zabaltzea da. Hala ere, emaitza justu kontrakoa izan da, manifestazio gehiago egiten ari dira orain eta gure askatasun irrika hazi egin da. Ez gaituzte isilduko”.
Atxilotuta eduki zutenean gorriak pasa zituela ere kontatu du elkarrizketan: “Torturatu egin ninduten. Odolez betetako gela batean egon nintzen, jendarme marokoarrek esan zidaten nire adiskideen odola zela”.
Epaiaren ondoren Saharara itzultzeko aukerarik ez daukala ikusirik eta estradizio arriskua eduki arren, borrokan jarraitzeko asmoa daukala adierazi du: “Presoen senideek eskatu didate hemen geratzeko beraien alde borrokan eta horixe egingo dut”.