Ez dute onartu Ibon Fernandez Iradi presoaren zigorra eteteko eskaera

  • Parisko Zigorren Aplikazio Ganberak ez du onartu Ibon Fernandez Iradi presoaren zigorra eteteko eskaera, eta giltzapean jarraitu beharko du. Frantziako Estatuko kartzeletan larriki gaixo dagoen euskal preso bakarra da lasartearra; 2013an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten.

Lasarte-Oriako Sarek antolatuta, hainbat herritar gerturatu ziren Ibon Fernandez Iradi eta Santi Arrozpide herriko bi euskal preso horien egoera salatzeko elkarretaratze berezira.
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko abenduaren 16an - 12:34

Parisko Zigorren Aplikazio Ganberak ostegunean erabaki zuen Ibon Fernandez Iradi herritarraren zigorra ez etetea. Hortaz, larriki gaixo dagoen euskal presoak (esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2013an) espetxean jarraitu beharko du.

Frantziako Dei Auzitegiak 2015eko maiatzaren 7an ebatzi zuen bateragarriak zirela herritarraren eritasun larria eta espetxealdia. Erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen Ibonek Kasazio Gortean, bost egun beranduago. Gorte horrek bertan behera utzi zuen Dei Auzitegiaren deliberoa, "Ibonen gaixotasuna eta espetxealdia bateragarriak izateko baldintzak betetzen ez zirelako", herritarraren abokatu Maritxu Paulusek azaroan kultur etxean egindako mahai-inguruan jakinarazi zuenez. Hortaz, prozesua berrabiaratu zuten, eta ostegunean eman dute erabakiaren berri.

Elkarretaratze berezia Okendon

Bestalde, "espainiar estatuak zigorren batuketak aplikatzeari jartzen dizkion oztopoak" salatu zituzten; Santi Arrozpide herritarrari eta beste 47 euskal presori eragiten die horrek. Horietako zazpik (Santi Arrozpide tartean) "kalean beharko lukete honezkero", Lasarte-Oriako Sarek azpimarratzen duenez.

Azken eragile horrek antolatu zuen atzo arratsaldeko elkarretaratze berezia Okendo plazan. Hainbat herritar gerturatu ziren herriko bi euskal preso horien egoera gertutik ezagutzera eta salatzera. 

"Erabaki mingarria"

"Atsekabez eta amorrazioz bete gaitu Iboni buruzko erabakiak, mingarria izan da", adierazi zuten Sareko kideek. "Familiak, lagun arteak eta Ibonek berak zituen susmoak bete dira: epaiketa egin zenean oso ongi azaldu zen Ibonen egoera, epaileak berak ere onartu zuen. Atxikimendu asko ere lortu dira, egin beharrezko guztia egin da, eta Ibon oso eskertuta dago horregatik. Halere, bagenekien oso-oso aukera gutxi zeudela epaia positiboa izateko, erabakia politikoa izan delako azken finean. Espainiako barne ministro berriak esana du kartzela sisteman ez dela aldaketarik egingo; mendekuan oinarritutako politika da", azaldu zuten. Era berean, eritasun larriak (esklerosi anizkoitza kasu honetan) eta espetxealdia bateragarriak ez direla nabarmendu zuen Sarek atzoko ekitaldian. 

Etorkizunean bide judizialean urrats gehiago emango direla ere aurreratu zuten Sareko kideek: "Maritxu Paulus abokatuak iragarri du helegitea jarriko zaiola erabakiari. Bide hori agortzean erantzuna ezezkoa bada ere, Europara joko dute". 

"Zazpi euskal presok kalean behar lukete"

Ibon Fernandezen egoera luze eta zabal azaldu ostean, Santi Arrozpide herritarra eta beste 47 euskal presorenari heldu zioten. 'Zigorren batuketa' kontzeptua da gakoetako bat. Sareko kideek azaldu zuten kontzeptu hori zertan den: "Bi estatuen arteko zigorren batuketaz ari garenean, Frantziako eta Espainiako kondena desberdinak zigor bakar batean bildu daitezkeela azaldu nahi dugu. Europar Batasunak 2008an hartu zuen metaketa hori babesteko erabakia". Espainiak ez zuen bere ordenamendu juridikoan sartu, Sarekoek zehaztu zutenez.

2014ko azaroan "lege berri bat" egin zuen espainiar estatuak, Sarek azaldu legez: "Europar erabakiaren zentzua aldatu eta beste estatuetako zigorren batuketaren aplikazioa oztopatu zuten: Frantziako kondena bete ostean, antzeko akusazioengatiko zigorra hutsetik hasten da, Frantzian betetako espetxealdia kontuan hartu gabe. Europar Komisioa azalpen eske egon da, baina Espainiak ez dio erantzun; are, 2014ko lege horren berri ere ez dio eman EBri, eta Auzitegi Gorenean zein Entzutegi Nazionalean gaiarekiko iritzi kontrajarriak egon arren, Konstituzionalak ez ditu tramitera onartu bertan aurkeztutako kasuak, ez da gaia eztabaidatzera ere iritsi, ez du nahi izan". 

Guztira 48 presori eragiten die aipatu lege horrek; Santi Arrozpide herritarra da horietako bat. Sarek zehaztutakoaren arabera, kalean behar lukete berak eta beste sei presok, "kondena osoa betea dutelako".

Lasarte-Oria mailan bi ekimen egingo ditu Sarek: batetik, atzoko elkarretaratzean bildutako sinadurak Europara bidaliko ditu, eta, bestetik, mozio bat sartuko du Udalean.

Gizartearen mobilizazioa

"Horrelako egunetan badirudi ere guztiok egiten dugun ahaleginak fruiturik ez duela ematen, baina gertatzen ari dira aldaketak, ematen ari dira urratsak", adierazi zuen Sarek atzo. "Altsasun ikusi dugu herriak zer nolako erantzuna eman duen, gero eta zabalagoa da alor juridikoan jaso ditugun atxikimenduak adibidez, baita osasun arloan ere, instituzionala ere zabaltzen ari da. Esango genuke atxikimendu fase hori gero eta indar gehiago ari dela hartzen, herritarroi geratzen zaiguna da mobilizatzea. Hori da guk esku artean daukagun erreminta", gehitu zuten.

Horri lotuta, datozen asteetan egingo dituzten ekintzen berri eman zuten elkarretaratzean. Bihar 'Kalera kalera' egitasmoari buruzko hitzaldia egingo dute Elebeltz topagunean, 11:30ean. 'Fabrimusikala 11+4' ekitaldiko programako parte da. Abenduaren 31n, urteroko manifestazioa eta brindisa egingo dute Okendo plazan. Urtarrilaren 7an, berriz, Presoen Errezitaldia, kultur etxean, 19:00etan hasita. Eta urtarrilaren 14an, manifestazio nazionala antolatu du Sarek, Bilbon. Lasarte-Oriatik autobusak antolatuko direla aurreratu zuten.

Maritxu Paulus Ibon Fernandezen abokatuak azaroko mahai-inguruan esandakoak ekarri zituzten gogora: "Maritxu Paulusek esan zuen ez zela bakarrik bide judizial bat, baizik eta borroka bat. Borroka bezala planteatu behar zela larriki gaixo dauden presoen egoera, zigor batuketa aplikatzen zaienena eta euskal presoena oro har. Borroka judiziala, legala, baina baita soziala ere. Eta borrokan jarraituko dugu".

Samina irribarrearekin arinduz

Amaitu aurretik, elkarretaratze berezian zehar azaldutako egoerek eragindako samina irribarre eta kantuan eginez arindu zuten ekitaldira bertaratutakoek. Xumela abesbatzako zuzendari Josu Txapartegi 'Txapas'-en doinuek lagunduta, 'Kalera, kalera' eta 'Epo i tai tai e' abestiak kantatu zituzten, irribarrea ahoan. 

"Herriko sei euskal preso ditugu uneotan, baina baliteke urtebetera kopuru hori erdira jaistea; norabide horretan jarraituko dugu lanean, euskal preso guztiak etxera ekarri arte; ez gaituzte geldituko, borrokan jarraituko dugu, ez digute irribarrea kenduko", nabarmendu zuten Sareko kideek.

Albiste hau Lasarte-Oriako Txintxarri agerkariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


"Itxaropena" lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


Eguneraketa berriak daude