Elkarrekin Podemos-Ezker Batua 11 eserleku izatetik 6 izatera igaro da, eta adierazpen hauek egin dituzte Bilboko Itsasmuseumetik: abstentzioak kalte egin diela nabarmen, baina baita ere "ez dugu euskal herritarren konfiantza berresterik lortu". Azken sei urteetan Euskal Herrian izan diren aldaketetan Ahal Duguk eragina izan duela nabarmendu dute, baina oraindik ez dutela egitura egonkorrik sortzerik lortu. Hala ere, ordezkatzen duten espazio hori zoru bat dela dagoeneko adierazi dute, eta espazio horretatik jarraituko dutela lanean eraldaketa soziala bultzatzen, "bizitza politikaren erdian" jartzeko.
Koordinatzaile nagusi Pilar Garridok hasieratik onartu du: "Argi dago ez direla emaitza onak guretzat. Hauteskundeak garatu diren testuinguruak %27ko abstentzioa eragin du eta horrek kalte egin digu, argi eta garbi. Bai oposiziotik edo bai tripartitotik (oxala, hau gauzatzeko aukera badago) jarraituko dugu gure politikak egiten: gizarte politikak, publikoaren defentsa, langileen eskubideak edo ingurumena. Guztion interesak defendatzeak, bizitza politiaren erdian jartzea da eskatzen diguna". "Ez ditugu emaitza onak jaso" errepikatu ostean, emaitza horren arrazoiak aipatu ditu: "alde guztietatik jasandako erasoak" seinalatu ditu lehenik, eta ondoren zera adierazi du: "Oraindik ez dugu lortu egitura egonkorrik sortzerik, herrietan, eta horrek ondorioak ekar ditzake. Bihar etapa berria hasten da. Konpromisoa dugu erakunde ahalik sendoena lortzeko, eraldaketa sozialerako tresna izan dadin, horretarako sortu baitzen Podemos Euskadi" hitzekin amaitu du.
Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak zoriondu egin ditu "herritar denak, parte hartze zibikoagatik. Zorionak baita ere, beren ordezkaritza lortu duten alderdi politiko guztiei, eta bereziki garaile atera den EAJri". Ondoren, aurrera begira jarri du begirada: "Hemendik aurrera lau urte ditugu gogor lan egiteko, hor ditugu erronkak eta saiatuko gara erronka horri aurre egiten eta politika progresistak bideratzeko euskal parlamentuan".