argia.eus
INPRIMATU
Ez dugu arrazoia gutxi garelako
  • Baionako suprefeta Patrick Dallennesek –suprefeta berriak– Seaskako ikastola laguntzea debekatu dio Hendaiako Herriko Etxeari. Suprefetak Falloux Legea baliatu(ko) du horretarako. Alegia, oraindik debekua ez bide da gauzatu. Anartean, manifestazioak deituak dira. Karrikara eta borrokara. Larunbat honetan Hendaian, lehena. Otsailaren 16an beste bat izanen bide da Baionan. Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko deiadarrak entzuten dira engoitik.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko otsailaren 01
Falloux Legea 1850 urtekoa da.

Bizkitartean, hona ene hainbat aburu:

– Bitxia da, Hendaiako Udalbatzako Claude Veirak (Hezkuntza eta ikastetxeetako hautetsia) piztu du sua, debekuaren txinparta. Jean-Baptiste Sallaberry auzapezaren taldekide izan da oraintsu arte Claude Veira. Udalbatzatik kanpo dago afera honen samina dela eta. Jakobinoa da. Satorra nonbait. Auzapezak berak errana dakit: “Gobernua osatu genuelarik, honela erran nion Veirari. ‘Hezkuntza arloan, Seaskako Ikastolarentzat hitzartua onartzen duzu? Oposizioak ere onartua da, euren programan ageri da hori’. ‘Tout à fait’ erantzun zidan”. Veirak “hitza jan du” erran zidan auzapezak iragan igandean. Kide ustela atera zaio auzapezari Veira axuanta. Ez da bekan gertatzen. Usaiako da politikagintzan.

– Herrian, udaletxeetan edota komunetan, demokrazia egingarria uste baduzu ere, ez da gauza ziurra, pentsatu nuen. Imajina ezazu hartara, Estatuko goi instantzietan, erakundeetan eta gobernuetan. Politikariek elkarri ezarri zangalatrabak eta eman labankadak “gure” demokraziaren ezaugarri dira.

– Estatuak “debekatu” ohi du. Ez da berria. Areago, orain, “laguntzea debekatu” du. Herriaren funtsezko ekimen bat “laguntzea debekatu” du. Legea ezartzen du Estatuak. Legea Estatu arrazoia da. Eta gehiengoak inposatzen du. Ez dugu arrazoia gutxi garelako. Erranera zaharra da gurean.

– Falloux Legea aspaldikoa da. Seaskak bere ibilbidea abiatu zuelarik hor zegoen. Beranduago ere, tokian tokiko udalerriek Seaska laguntzea erabaki –eta obratu– zutenean Falloux Legea hor –izango– zen. Iparraldeko euskaltzaleek orobat eta herritarrek berebat, borrokaren eta presioaren eraginez, Estatuak –aldian-aldian Gobernuan izan direnek– Legea zoko batean uztea erabaki zu(t)en. Kasu ez egitea, hots. Egoerak egoera, horrela hobetsirik nonbait. Hor nonbait.

– Alegia, politika eginbide jarraikorra eta ziklikoa da. Estatuaren egitekoak harritzen eta kolpatzen gaitu aldian-aldian. Oraingo debeku hau kalkulatua al da? Suprefeta berri baten hanka-sartzea al da? Tira, artean, gu herritarrok ergel aurpegiarekin geratzen gara. Zer pentsa edo ezin asma. Batasuneko kide Aurore Martin atxiloketarekin ere halaxe jarri zigun Frantziako Estatuak aurpegia, inozo aurpegia.

– Hona ene inozo aurpegiarekin gehitu dezakedana: Iparraldeko hautetsien gehiengoak Lurralde Elkargoaren eskaera egin du, herriak aitzina egin du, eta Estatuak “neurriak” hartu behar ditu. “Kasu! Herriaren erreboltak segitzen du tinko”, sumatzen du. Estatuaren logikan eta hizkuntzan, “neurriak” eta “debekuak” sinonimoak dira. Kasu, estatuek “ordena” eta “errepresioa” batzen dituzte. Kasu! Ikusiko duzue, San Jakes edota Santiago Zubian, larunbat honetan.

Oharra: Artikulu hau Mikel Asurmendiren Katebegia blogetik hartua da.