Bi gizon mokoka, bi orduz, telebista pribatuaren prime time-an. Eskerrak gero eta gutxiago ikusten den telebista lineala, bistaratu ziren balioek garai batean baino oihartzun apalagoa izango zutelako, baina egia esan, badirudi gaztelaniaz dakiten ia denek ikusi dutela debatearen zeozer, meme sorta, bederen. Ia denak ari dira gaiari buruz hizketan eta diote inori ez diola ezer argitu debateak. Datuak argiak dira, dena den: azken 30 urteetako aurrez aurrekorik apalena izan da audientzian.
Bi gizon parez pare eta nor baino nor feministagoa dela aldarrikatzen aritu ziren. Eta askotan besteari aurpegiratzen berak baino gutxiago duela "feminista izatetik" eta halako kontuak. Gorbata gorridunak –akaso gehiago zuen moretik, gorritik baino–, honela diotso gorbata urdindunari: “Iruzkin matxista eta homofoboak egin zenituen arras ongi pentsaturik zegoen kanpainako ekitaldi batean”. Besteak, bueltan, honela: “Zeuk, zeure akasdun legeekin, 117 bortxatzaile atera dituzu espetxetik”. Txikito baso bete ardo, puru lodi horietako bana eta ke pisutsuz inguratutako giroa; irratiz jarraitu zuenak, imajina zezakeen halakorik. Onena da, hala ere, ekonomiari zegokion blokean, oso-osorik, ekonomiaz hitz egin zutela; genero-indarkeriari zegokionean aipatu ziren, berriz, alderdi independentistak eta Espainiako bandera gorrotatzearen eta maitatzearen afera. Bistan da zeri ematen zaion garrantzia.
Ekonomiari zegokion blokean, oso-osorik, ekonomiaz hitz egin zuten; genero-indarkeriari zegokionean, berriz, gaiz aldatu zuten
Diskurtso, proposamen eta boto-emaileak konbentzitzeko hitzak baino, honako hauek gailendu ziren: “Utzidazu hitz egiten”, “hori gezurra da”, “beste datu bat emango dizut”... Beste datu bat, eta beste bat eta beste bat. Amaiezina zerrenda. Ezinezkoa zen zifra gehiago dantzan jartzea. Erraz asko heldu zen momentua entzuleari berdin zitzaiola zer esaten zuen nork. Eta berdin zitzaien politikariei ere. Ez zen egon gezurra zela esan ez zen baieztapenik, nahiz egoki gezurtatu gabe geratu gero. Moderatzaile lanetan zeuden kazetariek ez zuten une bakar batean ere planteatu esku hartu behar zutela eta, egiaren izenean bederen –existitzen baldin bada–, datuak mahai gainean jarri behar zituztela. Hori bai, gaur El País egunkariak esango dizu zein gezur eta zein baieztapen zehaztugabe esan zituen Núñez Feijóok. Aldiz, El Mundok eta enparauek diote Sánchez urduri zegoela Núñez Feijóo dela “bizitzak ematen dizkizun sorpresa horietakoa”. La Vanguardia egunkariko kazetari batek esan zuen atzo “eztabaidaren irabazlea” ez zegoela kameren aurrean, eta interpelatu zuen horrek erantzun zion sareetan, argazki bidez, muxu ponposo bat bidalita. Yolanda Díaz zen argazkikoa, egungo Enplegu ministroa, zeinak “harriduraz” hartu duen Cadizko metaleko langileek bere ekitaldia zapuztu nahi izatea, “berak ere langileen alde borrokatzen duelako”.
Ez zen egon gezurra zela esan ez zen baieztapenik, nahiz egoki gezurtatu gabe geratu ziren gero
PSOE etengabe ahalegindu da eta ahaleginduko da oraindik ere PP eta Vox elkarri lotzen, herritarrari ulertarazten PPri botoa ematea Vox babestea dela. Papera eta boligrafoa atera zion orduan Núñez Feijóok, eta kalean elkartasun eske sinadura eskatzen dizuten moduan luzatu zion proposamena, “boto gehien ateratzen dituenak goberna dezala bestearen abstentzioarekin”. Inkestak alde ditu Núñez Feijóok. Entzungor egin zion Sánchezek eta gertatu ez balitz bezala igaro da bere aldeko medioetan.
Beraz, biharamunean honela gaude: sozialista ofizialisten bandoko kideei galdetuta, ziur, haiek izan zirela buruz burukoan gailendu zirenak, “hainbat egi bistaratu” zirelako; eta popularren aldetik, jakina, sanchismo-a iraultzetik gertuago daude atzoko garaipenaren ondotik. Bakoitza berearekin irten zen telebista kate pribatuaren platotik, eta bakoitzak esango du nahi duena, debatean gertatu zen bezala.
Kuriosoa izan da EAJko zerrendaburu Aitor Estebanek biharamunean egindako kexa: “Ez zuten Euskadirentzat proposamenik eraman”. Hain maitatua duten Madrilentzat ere ez bazegoen proposamen argirik, ondo legoke jakitea zerrenda horretan non dagoen Euskal Herria, edo Euskadi.