Hori da Nafarroako Legebiltzarrak ostegun honetan onartu duena. Navarra Sumak egin zuen eskaera, baina bakarrik geratu da, beste behin ere. PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek ezezkoa eman dute, eta EH Bildu abstenitu egin da.
Datorren maiatzean izango dira hauteskundeak eta Navarra Sumak hauteskunde aurreko hilabeteak izango zituzkeen gobernuaren aurka egiteko. Elektoralismoa leporatuta, beraz, ezezkoa eman diote Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek, zazpi azalpen saioen ondoren, afera nahiko azalduta dagoela iritzita. Haien aburuz, egoera konplexu batean egin zen operazioa, eta argi geratu da ez dela iruzurrik edo gisakorik egon.
EH Bilduk ere argi azaldu zuen ez ziola hauteskundeetarako goxoki hori oparituko Navarra Sumari, baina gainerako indarretatik aldenduta, oraindik badagoela zer argitu azpimarratu zuen, eta Chivite lehendakariak azalpenak eman beharko lituzkeela iritzi zion.
Ez, dena ez dago horren argi
Gobernuak laster kendu nahi izan du gainetik afera, eta zazpi azalpen saio bada zerbait, baina ez azkenean gertatu dena argitzeko balio ez badu. Eta oraindik hainbat alor airean daude. Garbi samar dago ez zela ustelkeria klasikoa izan, eta inork ez duela poltsikoratu dirua legez kanpo. Baina argi samar dago eremu publikoak alor pribatuarekin sarri-sarri duen harreman molde eskasaren eredu txarra dela maskaren auzi hau, eta horren ondorioz altxor publikoak ia bi milioi euro galdu ditu. Antzeko zantzuak topa daitezke Senda Vivan edo Los Arcoseko Zirkuitoaren kudeaketan, non altxor publikoa milioi euro asko ari den uzten.
1,7 milioi maskara eta bestelako materialak jarraitzen du erabili gabe, esan dutenean 2023ko iraungitze data dutela. Ez da argitu, beraz, nola erabiliko den. Gobernuaren zazpi agerraldi bai, baina oraindik ez dago argi materiala norena den, eta patronalak ez du erabiltzerik uzten gobernuak dirurik erreklamatuko ez diola segurtatu arte. Orduan, badirudi enpresariena dela, eta Irujok kontseilariak ere horrela aitortu izan du, CEN elkartearenak direla maskarak eta auzitegietara ere jo dezakeela. CEN ez da txatxetan ibili eta mehatxu ere egin dio Irujori, kontuz ibiltzeko iradokiz, oraindik informazio asko duela azaleratu gabe eta. Eta badirudi bide judiziala horraino iritsi dela.
Horrez gain, ikuskariek uztailean esan zuten –abuztuaren amaieran jakin zen aferaz– operazioa ez zela ongi egin, haren izaeragatik gobernuak berariaz onartu behar zuelako, eta ez zela horrelakorik egin; eta esaten zuen, halaber, mailegua ez zela behar besteko bermerekin egin. Horrela errazago ulertzen da bi milioi euroko zuloa. Ikuskarien lanaz PSNk esan zuen haien azterketak balio zuela sistemak funtzionatzen dutela erakusteko.
Gobernukideek ez dute arazorik ikusten, baina badaezpada Geroa Bai saiatu da Osasunbidea ere gaiaren parte gisa azalerazten, baina Osasun Sailak ihes egin du aferatik; eta Elma Saiz PSNko Ogasun kontseilari eta Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioko lehendakariak garbi utzi nahi izan du berak gainetik bakarrik ezagutzen zuela akordioa, eta erantzukizun osoa Mikel Irujo kontseilariarena dela.
Bai, ez da ustelkeria klasikoaren zantzurik, baina hortik gauzak ondo egin zirela esatera tarte itzela dago. Nafarroako Kontuen Ganberak ere gaia zehatzago ikertzeko konpromisoa hartu du. Eta, badaezpada, abuztu amaieran auziaren berri jakin zenean Irujo kontseilariak ordura arteko Sodenako zuzendari nagusi Pilar Irigoien kargugabetu zuen. Ez da ikerketa batzorderik eratuko, baina dena ez dago argi oraindik.