Ez da justiziarik Espainian

  • Egunkaria auziko absoluzioaren ondoren, orain helegiteen unea dator eta AVTk eta Dignidad y Justiciak horixe egingo bide dute Espainiako Auzitegi Gorenean. 12 eta 14 urteko zigorrak eskatzen dituena hori egitera behartua dagoela pentsa liteke. Eta helegite batean edozer gerta liteke, baina kasua ikusita, ez dirudi Auzitegi Nazionaleko Zigor alorreko Lehen Salak emandako epaia atzera botatzea samurra izango denik.


2010ko apirilaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi absolbituak atera dira. Epaiketan zehar oso argi ikusi da ez zegoela froga bakarra auzipetuak zigortzeko. Fiskalak berak ere horixe bera azpimarratu zuen. Epaiketa aurretik ere Auzitegi Nazionalean epaia absoluzioan bukatuko zen ustea nagusitua zegoen, eta hala ere, bertako iturrien arabera, hobe zen epaiketa egitea, modu horretan balizko helegite baten aurrean Auzitegi Gorenak zailago izango zuelako akusazioen helegitea atzera botatzea. Jakina, zurrumurru horiek baziren, baina Auzitegi Nazionalaren izaera eta aurrekariak kontuan hartuta, ez zegoen guztiz fidatzerik epaian aterako zenaz.

Absoluzioaz gain epaiak zalantzan jartzen du Euskaldunon Egunkariaren itxieraren konstituzionaltasuna. Epaiaren arabera, erabilitako prozedura enpresa normalentzat delako eta, oinarrizko askatasunei lotutako jardueran ari denez, egunkari bat ez delako enpresa normal bat. Bere garaian, Egunkaria ETArekin lotua zegoen ala ez berau itxi barik ikertu zitekeela dio epaiak.

Aurrera begira, pentsatzekoa da hari honetatik tiratuko dela kalte ordainen prozedura luzeari ekiteko, azkenean Auzitegi Gorenak epaia berresten badu.

Epaimahaiak har zezakeen tarteko bideaz ere asko esan eta idatzi da, baina epai honek ez du tarteko biderik uzten eta Auzitegi Gorenak absoluzioa berresten badu, Estatua kalte ordainak ematera behartua egongo da. Eta ez litzateke txantxetakoa. Egunkaria itxi eta ehundik gora langile kale gorrian geratu ziren; atxilotuak, torturatuak, espetxeratuak; milaka euskaldunen oinarrizko eskubideak zapalduak... Diruak ezin du hori guztia konpondu, baina ekin beharreko bidea da.

Eta, hara paradoxa, sumario nagusia absoluzioarekin itxita, Torrealdaik, Uriak eta Auzmendik honengatik baino zigor handiagoa jaso dezakete oraindik irekita dagoen auzi ekonomikoagatik: 26na urtekoespetxe zigorra eta 32,8 milioi euroko isuna eskatzen zaie. Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Fernando Furundarena eta Mikel Sorozabal ere auzipetuak daude auzi honetan. Pentsatzekoa da zigor handiak gaitzagoak direla aurrerantzean, baina hau ere ikusgai dago.

Kapitulu hau, oraingoz, ondo bukatu da. Beste batzuek ez dute zorte bera izan: Haika-Segi, AAB eta 18/98 auzikoak espetxean dira Espainiako justizia independenteak ENAMeko guztiak ETAkoak bihurtu zituelako. Eta horiez gain Udalbiltzakoak, Batasunakoak... asko dira kartzelan kartzelaren zain. Pozik izateko arrazoiak badira, baina oraindik ez, oraindik ez da justiziarik Espainian.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude