June Fernandezek, Pikara magazineko kazetariak, ilea zeharo moztea erabaki du. Keinu horren bidez, feminitate normatibotik aldentzeko hausnarketan sakondu du. Erabakiari buruzko azalpenak eman ditu eta pasarte batzuk euskaratu ditugu:
"Nikaraguan nengoela pentsatu nuen inflexio puntu sinbolikoa izan zitekeela ilea zeharo moztea, nire buruari eta besteei esatea feminitate normatiboa eta pentsaera heterosexuala baztertzen ditudala, polit agertzeaz ez dudala gehiago kezkatu nahi. Horrela nenbilela Oralia Gonzalez feminista ezagutu nuen. Ilea zentimetro batera moztu berria zuen eta hori egiteko arrazoiak ematen zituen posta idatzi zuen. Arrazoi haiekin bat nentorren. Batik bat honekin: zatar egotearen eta besteek zatar ikusiko zaituztenaren beldurrari aurre egitea".
"Facebook-eko ehunka Datsegitek adierazten dute keinu horrek [ilea moztu zuen Fernandezek] ez duela esanahi bat niretzako bakarrik. Esanguratsua izan zen aldaketa ondo hartu ez zuten bakarrak emakume batzuk izan zirela. Gizonek mozketa goraipatu zuten edo umorez hartu zuten, garrantzia gehiago eman gabe. Orduan konturatu nintzen, nire familian, gehienetan bezala, feminitatearen markajea emakumeek egiten dutela. Haiek egin dizkidate markoan sartzeko moduko komentarioak: 'metxa horiak egin beharko zenituzke aurpegiera goxatzeko'; 'emakumeek inoiz ez dute kalera atera behar titi zorrorik gabe, inoiz ez'; 'nolatan ez duzu makillajea ematen azala leuntzeko?'".
"Lelokeria irudi luke, baina ilea mozteak aipatu dizuedan deseraikitzea sendotu du".