Ekaitz Sirvent presoa maiatzaren 28an geratu da aske eta espetxea utzi duelarik ez da euskal presorik geratzen Mont de Marsan kartzelan. Guztira 18 dira Frantziako Estatuko presondegietan dauden euskal preso politikoak.
ETAko kide izatea leporatuta, hamahiru urte egin ditu preso Ekaitz Sirvent zarauztarrak, eta zigorra osorik bete ondoren atera da kalera.
Mont de Marsan euskal presoz husten joan bada ere, Frantziako espetxeetan 18 euskal preso politiko daudela gogoratu du Kazeta.eus-ek: gehienak Lannemezanen daude, hamahiru gizon; Reau Sud Francilien espetxean dira Iratxe Sorzabal, Ainhoa Ozaeta eta Izaskun Lesaka (azken hau Dei Auzitegiak onartu dion baldintzapeko askatasunaren zain); Ion Parot Mureten dago; eta Itziar Moreno Rennesen.