Errekuperazioa nolakoa izan behar den erabakitzeko akordio orokorrik ez dute lortu mandatariek. Europar Batasuneko liderrek bideokonferentziaz egindako laugarren goi-bilera aurrerapen handirik gabe amaitu da, garrantzizkoenari dagokionez: ez da adostu pandemiaren ondorioz bizitzen ari den egoera larriari aurre egiteko plan orokor bat.
Europar Kontseiluaren lau orduko eztabaidaren ondoren, EBko estatuburuek ontzat eman dute Finantza eta Ekonomia ministroek azken Eurotaldean adostutako planak. Azken hauek hiru egun behar izan zituzten berau onartzeko: 240.000 milioi MEDEren baldintzarik gabeko maileguetan; 200.000 Europako Inbertsio Bankuaren bidez enpresetarako; eta 100.000 Sure langabezia-programarako, El Diario-k jakinarazi duenez.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari, halaber, maiatzaren 6an plan bat aurkezteko eskatu diote. "Berreskuratze funts bat sortzea adostu dugu", adierazi du Charles Michelek, baina funtsezko elementuak zehazteke daude oraindik: tamaina, mekanismoa eta transferentzietan edo diru-laguntzetan oinarrituta dagoen, Europako hegoaldeak eskatzen duten bezala, edo bakarrik diru-laguntzetan, Alemaniak, Herbehereek eta eskandinaviarrek nahi duten legez.
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea ere izan da bileran eta ohartarazi du euroaren eremuko ekonomia %15 ere uzkurtu daitekeela pandemiaren ondorioz. Bere ustez, agian berandu eta gaizki iritsiko da EB egoerari aurre egitera. Lagardek, hala ere, zehaztu du %15eko zifra muturreko agertokia dela eta bere erreferentzia estimazioa %9ko uzkurtzean dagoela.