argia.eus
INPRIMATU
analisia |
Ez, antisionismoa ez da antisemitismoa
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko maiatzaren 12a

“Gazako sarraskiak gerra gertaerak dira, eta erruduna Hamas da. (...) Ez dut inondik inora lotsagorritu beharrik borrokak eramateko Israelen moldeaz. (...) Denak poztuko lirateke Israelek lana bukatuko balu”. Haïm Korsiaren hitzak dira, Frantziako Rabbi Handiarenak –juduen komunitatearen kargu erlijioso handiena Frantziako Estatuan–. Hitzaldia eskainiko du Baionako Herriko Etxean maiatzaren 14an. 2024ko agorrilean plazaratu zituen adierazpen horiek, eta minduta bezain eskandalizatuta, gerra krimenen apologia ikusirik, Parisko Auzitegian jarri zen salaketa. UJFP judu antisionisten elkarteak prozedura babestu zuen. Justiziak argitu du: salaketari segidarik ez dio eman, ez omen delako “arau-urratzerik” egon. Une berean, Palestine Vaincra eta Urgence Palestine desegiteko –eta beraz ilegalizatzeko– erabakia hartu du Frantziako Gobernuak. Palestinari sostengua adierazten eta Israelen genozidioa salatzen dabiltza bi kolektibo horiek. Ez gehiago, ez gutiago. Baina antisemitismoaren izaera ikusten die Barne ministroak. Nabarmena da antisionismoa antisemitismoari lotzeko joera Frantziako Estatuan. “Antisionismoa antisemitismoa da”, erran izan du Haïm Korsiak ere. Lotura hori etsigarria eta mingarria zaio senideak bonben artean bizirauten edo hilik dituen palestinar diasporakoari, eta berdin-berdin etsigarria eta frustragarria, Palestinari so egin eta inpotentzia sentitzen duenari. Israeli bideratu kritika oro antisemitismotzat jotzeko lobby ikaragarria bada munduan zehar antolaturik, eta Frantziako Estatuan indartsu eta eraginkor dabil.

Baionako Santa Izpiritu zubiko banderen artean Palestinakoa jartzeko, baina “barne-arazo batzuengatik” berehala kentzeko erabakia hartu zuen Jean-René Etchegaray auzapezak iaz. Badirudi Gazako triskantza sostengatzen duenari ateak irekitzeko arazorik ez duela ikusten. Rabbi Handiaren etorreraren kari, genozidioa salatzeko elkarretaratzea eginen da, segur aski. Beste behin, antisemitatzat joko dira bertan elkartutakoak. Baina ez da egia, fede txarrarekin dabil hori dioena. Postura hertsigarri horren parean, Antisionisme, une histoire juive [Antisionismoa, judu-historia bat] liburua bada ekarpen handia, 19. mende bukaeratik gaur egunera, judu ezagun batzuek sionismoaren kontra idatzitako testuen antologia bat delako. Liburua berriz hartu eta ondokoa atzeman dut: “Haren legeak, zibilak, politikoak zein erlijiosoak, ez direnez juduak, zergatik deitu beharko genioke ‘judu’ estatu berri horri?”. Zadoc Kahnen hitzak dira. Nor da? 1868an Frantziako Rabbi Handiaren kargua hartu zuena... Ez, antisionismoa ez da antisemitismoa.