Oso orokortuta dagoen praktika apurtu duten kasu bakan batzuen berri izan du ARGIAk: 3 urteko ikasgeletako irakasleek eurek erabakita, aurten ez dute egokitzapenik egin gela horietan. Non da egokitzapena borondatezkoa, zer dio legeak eta zer adituek? "Beti eman behar da aukera trantsizio hori gurasoekin egoki egiteko".
Kasuren batean iazko (2 urteko gelako) irakasle eta ikaskide berak dituzte 3 urteko umeek; besteren batean aldiz, bai irakaslea, bai ikaskideetako ugari berriak dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo dugu: egokitzapenak ez du araudi zehatz bat, baina hala dio ikasturte hasierako ebazpenak, ikastetxeko edota etapako ikasle berriez: “Haurrak pixkanaka sartuko dira lehen aldiz etapan edo ikastetxean, eta egokitzapen-aldi bat egingo da. Aldi horren helburua da familiaren eta eskolaren arteko jarraitutasuna erraztea eta haurrak eskolara pixkanaka egokitzea ahalbidetzea. Egokitzapen-aldi hori (…) familia bakoitzarekin adostuko da, eta ezingo da irailetik aurrera luzatu”.
3 urteko ikasleekin bakarrik ez, zentro batzuek 4 eta 5 urteko ikasleekin ere egokitzapena eskaintzen dute ikasturte hasieran. Kontrara, Extremaduran (Espainia) esaterako, iaztik borondatezkoa da egokitzapen-aldia 3 urteko haurren kasuan: gurasoek erabakitzen dute euren seme-alabek egingo duten ala ez. Hain justu, kontziliazio arazoak medio, maiz gurasoak izaten dira egokitzapenarekin kritikoenak, baina aipatu ditugun kasuetan, irakasleak izan dira erabakia hartu dutenak, eta horrek harritu egin du Eider Salegi: “Horrelako zerbait erabakitzeko, familiei oso ongi azaldu behar zaie zergatia”.
"Batzuek denbora eta arreta gehiago beharko dute, beste batzuek gutxiago, baina haur guztiek igarotzen dute prozesu bat eta denentzat da une inportantea"
HUHEZIko irakasle eta hezkuntzan doktore, Psikologian lizentziatua eta Haur Hezkuntzan diplomatua da Eider Salegi. Bere hitzetan, “barneratuta dugu 2 urteko haurrekin egokitzapena inportantea dela eta badirudi behin bakarrik eginda nahikoa dela, baina 3 urteko geletan ere irakasleak berritzen dira, edo ratioak aldatu, ikasgelak batu, matrikula berriak jaso… eta berrikuntza horien guztien aurrean inportantea da harrera momentua”. Are, irakasle bera eta ikaskide berak izan arren, udako opor luzeen ostean umeentzat ikasturte hasiera berriro ere aldaketa handi bat dela gogoratu du, eta egokitzapenaren “helburu nagusietako bat da erreferentziazko heldu berriarekin (tutorearekin) lotura afektibo bat ezartzea, hainbeste ordu pasako dituzten eremu berri horretan atxikimendu-irudi bihurtzea, eta bide horretan, beti eman behar da aukera trantsizio hori gurasoekin egoki egiteko”. Familien papera funtsezkoa dela baitio, “hala sinetsi behar dute gurasoek, eta eskolak ere hala transmititu behar die”.
Egokitzapen hitza baino, Salegik nahiago du harrera erabili, lehenak fokua jartzen duelako haurra ingurune berrira egokitzeko beharrean, eta harrerak berriz, haurrari harrera goxoa egiteko helduak egin behar duen esfortzuan, lagunduta eta seguru senti dadin. Bada, harreraren gakoetako bat malgutasuna dela dio, ume batzuek behar handiagoa izango dutelako eta beste batzuek gutxiago. “Batzuek denbora eta arreta gehiago beharko dute, beste batzuek gutxiago, baina haur guztiek igarotzen dute prozesu bat eta denentzat da une inportantea. Gainera, ume batzuek negar gutxiago egiteak ez du esan nahi haiek ere harrera momentua behar ez dutenik, ume bakoitzak bere modura adierazten duelako sentitzen duena”.
Bai, ikasturte hasierako egokitzapen-aldi hori gabe ere egokituko da haurra, "baina ezin dugu ongi egin? Ezin dugu sarrera positiboa izan dadila ahalbidetu?"
Salegiren arabera, haurrek denera moldatzeko gaitasun handia dute, beren garunaren plastikotasunagatik, eta bai, ikasturte hasierako egokitzapen-aldi hori gabe ere egokituko da haurra, “baina ezin dugu ongi egin? Ezin dugu sarrera positiboa izan dadila ahalbidetu? Bestela, eskolara moldatuta ere, agian ez du eskolara joatea ongi biziko”. Eta ez dezagun ahaztu, “urte hauek biziki garrantzitsuak dira, urte hauetako esperientziek eragin zuzena dutelako etorkizuneko garapen pertsonal eta sozialean; etapa honetan ezartzen dira helduaroko oinarriak”.