Evoren sudurra


2006ko irailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Bushek irakurtzen badu pentsatuko du kokainaz hitz egin behar dudala. Baina ez da oso usaimen finekoa Bush. Evo ez baita kokaina zalea, nahiz eta sudurreko trenkadatik operatua dagoen. Hori ederki asko dakigu guk, tamalez. Esplikatuko dut zergatik.

Euskal Herritik Boliviara abiatu ginenean, esku batean hegazkin txartela genuen, eta beste eskuan Evoren baietza. Baina hara iristean jabetu ginen Bolivian hitzak zein gutxi balio duen. Han baietz dioenak, agian dio. Eta agian bai da agian ez. Pazientzia handia behar da. Jauregi Presidentzialeko eskailerak oso luze egin zitzaizkigun. 3.500 metroan geunden… Zorabiatuta erortzekotan egon ginen behin baino gehiagotan, eta gora iritsi baginen, suerteagatik baino gehiago izan zen egoskorragatik. Ez dut esango zein giltzarekin zabaldu genuen azken atea, batik bat, ez baitzen giltza bakarra izan, baina esan nezakeena da presidente gaixoari armiarma sare oso bat josi geniola inguruan. Eta kostata baina erori zen.

Jertsearekin lotzen du munduak Evo, baina jertsea baino bereizgarriagoak ditu elastikoa eta buzoa. Elastikoa, futbolekoa du, eta buzoa, lanekoa. Presidente bakarretakoa izango da, bakarra ez bada, bere taldearekin futbolean jokatzen segitzen duena. Eta ez dira askoz presidente gehiago izango lanera goizeko lauetan edo bostetan jaikitzen direnak. Guk, esan genezake, baietz, bi mitoak egiak direla. Ez, ikusi genuelako, elastikoarekin, edo buzoarekin. Ez genuelako ikusi baizik. Paradoxikoa da, baina batzutan, ez ikusiak balio izaten du badenaren froga bezala.

Evorekin elkarrizketa denbora bukatu zitzaigunean, galdera asko falta zitzaizkigun oraindik. Baina lotsa ere falta zaigunez, “Evo, oraindik galdera asko ditut, geldituko gara berriz beste egun batean?” bota nuen tiroa uso esperantzarik gabe. “Bai, jakina, bukatuko dugu. Ea noiz dudan posible…Badakizu, agenda honekin beti erotuta…Ea ba…Etorri astelehenean goizeko bostetan.” GOIZEKO BOSTETAN!?! Uste dut ehiztaria baino gehiago usoa sentitu nintzela orduan.

Hiruak eta erditan jarri genuen iratzargailua fin-fin. Lauak eta erdietan Jauregi Presidentzialean ginen segurtasun guardia osoaren aurretik pasatuta. Baina heldu ziren bostak, bostak eta erdiak, seiak, seiak eta erdiak, eta ez zen heldu Evo. Zazpietako irrati albistegian entzun genuen: “Evo Morales presidente jaunari ebakuntza egin diote. Atzo arratsaldean, “Guerrileros de Independencia” taldearen aurka futbolean ari zela, kolpe latza hartu eta sudurreko trenkada hautsi zuen. Sendagileek bi eguneko atsedena agindu diote.” Anestesia totaletik ere ez zen inor esnatuko guri gelditu zitzaigun tonto aurpegiarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude