Evok 2002an abiarazi zuen nazionalizazioa

  • Bolivia ez da hidrokarburoak nazionalizatuta dauzkan ez lehen estatua eta ez bakarra. Baina Evo Morales izan da munduan izurria bezala hedatu den pribatizazioaren katea eten eta multinazionalek merke erositako enpresa oinarrizko bat berriro publiko bihurtu duen lehena. Eredu arriskutsua.


2006ko maiatzaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
Evo Morales eta Gustavo García Linera

Evo Moralesek ezustean harrapatu zuen mundu guztia maiatzaren 1ean Boliviako gasa eta petrolioa nazionalizatzeko erabakia jakinarazi zuenean. Ziurrenik horregatik lortu du kolpea bururaino eramatea. Eta nazionalizatze gehiagoren ildoa urratzea.


Komunikabideek plazaratu dute Morales lehendakariak maiatzaren 1eko goizaldean –bostetan– bildu zituela bere hurbileneko ministro eta aholkulariak, dekretu berria sinatu zezaten: "Si están de acuerdo, firmen el decreto!". Sinaduren ondotik, txalo egin zuten denek eta Boliviako ereserkia abestu, bukaeran "Morir antes que esclavos vivir" dioena. Gero Moralesek esan omen zuen: "Hegazkina zain daukagu". Ohetik hain goiz jaikiarazitako ministroek harrituta lagundu zioten Hercules abioira, eta Capari eskualdera abiatu ziren, hiriburutik 1.200 kilometrotara.


Caparin dagoen San Alberto gas zentralera iritsi ziren lehendakaria, ministroak eta berekin operazio berezian zihoazen militarrak. Petrobras enpresak kontrolatzen zuen egun hartara arte San Albertokoa, eta bertako arduradunek irribarrez egin zioten ongietorria Moralesi, fabrikako zein atal ikusi nahi zuen galdetuz. Baina lehendakaria ez zetorren kortesiazko bisitan: Petrobras brasildarrak erosi lantokia telebista kameren aurrean nazionalizatzera zetorren.


Egun bat lehenago, apirilaren 30ean, Yacimientos Petrolíferos Fiscales Bolivianos (YPFB) konpainiak petroliotako ingeniariak bidali zituen Boliviako putzu eta lantokietara. Ikuskatze lanen aitzakian azaldu ziren, ohi baino jende gehiago joan arren. Atzerritarrei esan omen zieten taldeetan ingeniari gazteak zihoazela zaharrenekin, esperientzia hartu nahian. Baina beren betebeharra beste bat zen: nazionalizatze aginduagatik enpresek erregaiak atera eta banatzeari uko egiten bazioten haien teknikarien lekua hartu eta lanerako prest egotea.


Xehetasun hauek Franz Chavez kazetariak bildu ditu Inter Press Service (IPS) zerbitzuaren kronika batean. Informazioa eman diona Manuel Morales Olivera da, nazionalizatzeko erabakia sinatzerakoan Evo Morales lehendakariarekin zeuden sei gizonetako bat. Gizona YPFB enpresa estataleko aholkularia da, eta Manuel Morales Davila abokatuaren semea: hau 42 egunez eduki zuten preso espetxean 1996an orduan lehendakari zen Gonzalo Sanchez de Lozada –herritarrek "Goni" ezizenez madarikatzen zutena– petrolioa pribatizatzeagatik traidoretzat jo zuelako denen aurrean.


Gezurra dirudien arren, duela hamar urte arte Boliviako hidrokarburoak estatuak ustiatzen zituen. Evo Moralesek egin duenak halako zalaparta eragin badu ez da izan munduan petrolioa eta gasa nazionalizatu dituen lehen herrialdea delako; asko dira hala daukatenak, erregimen politiko ezberdinetako estatuak. Aldiz, Boliviako lehendakaria izan da lehena azken hamarkadotan orokortu den pribatizazio prozesuan gauzak azpikoz gain jar daitezkeela erakutsi duena, 1996an pribatizatutakoa berriro 28.701 zenbakia daraman aginduarekin nazionalizatuz.


Saldua, baina ez betiko galdua


Nazionalizatze agindua 2002an prest zegoen. Urte hartako hauteskundeetan 20.000 botoren tarteagatik atera zen bigarren Movimiento al Socialismo (MAS), gaur agintean dagoena. Orduan Manuel Morales Davila abokatu zaharrari eskatu zion nazionalizatze agindua idaztea. Evo Moralesek lege proposamena 30 parlamentariren eta 10 sindikaturen laguntzarekin bozketara eraman zuen, baina legebiltzarrak atzera bota zion. Orain abokatu zahar haren semea Manuel Morales Olivera aritu da lehendakariarekin agindu berria prestatzen.


Morales Olivera ikasketaz filosofoa da, politikari sartua eta denborarekin hidrokarburoetan aditu bihurtu dena. Honek kazetariari honela esplikatu dio MAS barruan gasa eta petrolioaren hirugarren nazionalizazioaz dagoen burubidea: “Lehen planteamendua oinarritzen da lurraren eta jatorrizko herrien agintearen berreskuratzean. Espazioa, lurra, airea, biziaren logika eta kosmobisioa berreskuratzera. Nazionalizazio honek kapitala nazioaren interesen mende ipintzen du, desjabetzan sartzeko ordez. Evo Moralesek esana duenez, bazkideak nahi ditugu, ez ugazabak. Horrek esplikatzen du Armada han egotea. Enpresaren batek erabakia onartu izan ez balu, Armadak eta profesionalek hartuko zuten kontrola. Indarrezko ekintza izan da”.


Hamar urte besterik ez dira pasa YPFB enpresa estatalak ustiatzen zituen gasa eta petrolioa pribatizatu zituztenetik. Ordura arte, YPFBren esku zeuden hidrokarburoak, eta Bolivian ari ziren enpresek bere kontrolpean jardun behar zuten, zerga eta bestelako mekanismo bidez produkzioaren %50 estatuari emanez. Gero, 1996an, munduan nagusitu den pribatizazio oldeak harrapatu zuen YPFB , enpresa desegin zen eta kasik lan burokratikoetara mugatu. Debekatu zioten "petrolioa ukitzea eta gasa usaintzea" ere. YPFB k Boliviako estatuari urtean 400 milioi dolar ematen bazizkion, 1993tik aurrera diru-iturri hori agortzen joan zen.


Pribatizazioarekin batera iritsi zitzaizkien gas eta petrolio murrizketak herritarrei. Morales Oliverak kopuru hauek eskaini ditu gertatu zena ulertzeko: "Enpresa berriak, atzerritarrak, prest zeuden 5.000 milioi dolar inbertitzeko gas naturala bere horretan AEBetara edo Mexikora esportatzeko, eta aldiz, esaten zuten ez zeuzkatela 40 milioi dolar Boliviako mendebalderako gas-hodia eraikitzeko”. Egoera horren ondorioz piztu ziren liskarrak herrialdeko hainbat lekutan, eta mundu osoan sona handikoak gertatu ziren La Paz hiriburua kolapsatzeko egindako greba eta bide mozketak.


Liskarren ondorioz, hidrokarburoetako multinazionalek zenbait aldaketa egin zuten. Boliviako estatuari diru gehiago ordaintzen hasi ziren, eta herrialde barrurako prezioak negoziatu zituzten. Baina hona nola arautzen ziren prezio politiko horiek: "Bertako gasolinaren prezioa igo ez zedin, gobernuak ordaintzen zuen nazioarteko prezioaren eta prezio subentzionatuaren arteko tartea. Eta hori egiteko, multinazionalek uzten ziguten dirua, geure gasolina geuk nazioarteko prezioan eros genezan, urteko %8ko interes batekin".


Lege berria ateraz geroztik, gas eta petrolio iturri handien ustiaketan parte hartzen duten multinazionalek ez %50 baizik eta %82 ordaindu beharko diote estatuari. Bi hobi handienen kalkuluak egin ditu Morales Oliverak: San Alberto eta San Antonio hobiek urtean 940 milioi dolar balio duen lehengaia produzitzen dute, iazko legearen arabera erdia ordaindu behar zioten estatuari (470 milioi) eta oraingo aginduarekin 780 milioi dolar pagatu beharko diote.


Kazetariak galdetu dio ea ez ote duten Boliviako agintariek zikin jokatu kanpoko enpresekin, urteotan egin dituzten inbertsioak galaraziz. Hona erantzuna: "Boliviarrok gure ekipoa geneukan alor horretan, baina etorri zen zuzendari tekniko bat gureen ordez jokalari atzerritarrak ekarri zituena. Dena kendu zigun, baloia eta zelaia, eta jokoaren jabe egin zen. Orain berriro gureganatu egin ditugu baloia eta zelaia, eta jokalari kanpotarrak zuzendari tekniko berriaren mende jarri behar du".


Ausardiaz jokatu du Evo Moralesek. Batez ere kolpea eman duelako aurrez Argentinari, Brasili, AEBei eta Europari galdetu gabe.


Informazio gehiago:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude