argia.eus
INPRIMATU
Evo Moralesek dimisioa eman du
  • Evo Morales Boliviako lehendakariak bere kargua utzi du igande arratsaldean, herritarrei adieraziz gizartea bakeratzeko asmoz egiten duela eta salatuz indar boteretsuak aritu direla estatu kolpea antolatzen.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 11

Boliviako lehendakaria telebistan azaldu da igande arratsaldean herritarrei adierazteko kargua uzten zuela. Ez du argitu aurreko orduetan deitu dituen hauteskunde berrietan hautagai aurkeztuko den ala ez.

 

Horrela egin du jauzi berria azken hauteskundeetatik gogortzen joan den Boliviako liskar politikoak. Aurreko hiru asteetan, gero eta manifestazio gogor eta bortitzagoen ostean, lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulia burutzea eskatzetik Evo Moralesen diminisoa eskatzera jauzi egin dute matxinoek. Hauei elkartu zaie ia herrialde osoko polizia eta igandean armada boliviarreko buru nagusiek –buru zutela Williams Kaliman jenerala– publikoki eskatu diote kargua uztea lehendakariari.

Egunean zehar dimititu dute Boliviako parlamentuko lehendakari Victor Bordak (aurretik manifestatzaileek Potosin duen etxea erre diote), Cesar Navarro Meatzeetako ministroak (honi ere etxea erre diote), Luis Alberto Sanchez Erregaien ministroak eta azkenik Alvaro Garcia Linera lehendakari ordeak ere bai. Aurretik beste goi kargu askok emana zuten dimisioa, kaleak asteotan sutu dituzten liskarren eta jasandako presio eta erasoen ondorioz.

Lehendakaritarako hauteskundeen ostean, Santa Cruz probintziatik abiatu zen oposizioaren mobilizazioa, Moralesen aldekoen kontra gero eta bortitzago jokatu duena. Larunbatean bertan, Mexikoko La Jornada-k zabaldu duenez, Moralesen aldeko bi gobernadoreren etxeak erre zituzten eta baita lehendakariaren arreba Estherren etxea ere, Oruro herrian.

Igandean, lehenik OEA Amerikako Estatuen Erakundearen idazkari nagusiak eskatu du hauteskundeak berriz egiteko, sistema informatikoan iruzur larriak gertatu zirelako eta ondoren militarrek eskatu dute publikoki lehendakariaren dimisioa. Moralesek lehenbizi hauteskunde berriak deitu dituen arren, azkenerako ezin izan dio eutsi estatu kolpe baten itxura handia daukan presio itzelari.