argia.eus
INPRIMATU
Eutanasiaren legea laugarren urtez indarrean
Piter Encinas 2025eko irailaren 11

Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak, kartzela zigorrak eta atxiloketak jasan behar izan dituzte. Eskerrik asko, beraz, zuen lanagatik. Portzierto, ikuspuntu etimologikotik, eutanasia hitzak “heriotza ona” esan nahi du, zuzena, ezta?

Eutanasia hitzak bi gertaera desberdin gogorarazi dizkit: bata, Ramon Sanpedrorena, eta, bestea, Mari Jose Carrascorena. Sanpedrori bere lagun Ramona Maneirok lagundu zion hiltzen; eta, Mari Jose Carrascori, berriz, bere bikotekideak. Nire ustez bi kasu desberdin dira, baina oso antzekoak. Zergatik esaten dudan hori? Bai Sanpedrok bai Mari Josek duintasunez hiltzeko egindako eskaerari ezetz esan ziotelako; horren ondorioz, Estatuak egin ez zuena hurbileko lagunek egin behar izan zuten, ekintza horrek dakartzan ondorioekin: atxilotu egin zituzten, erailketa leporatu, espetxera sartzeko eskaera egin... Espainiako Estatuak ez zituen bete Espainiako Konstituzioaren hainbat artikulu, adibidez, gizakiaren duintasuna, askatasun ideologikoa, erabakitzeko eskubidea... aipatzen dituztenak; eta, aldi berean, harro sentitzen dira konstituzioaz. 

Batzuok pentsatu genuen, legea lortu genuenean, dena eginda zegoela; zelako etsipena! Legeak adierazitakoa sufrimendua saihestea eta pertsonen eskubideak kontuan hartzea dela esan arren, ez da nahikoa hiltzen lagundu duten pertsonen jokabideak despenalizatzea; hori ez da nahikoa. Lege horrek heriotza duina izateko eskubidea ere kontuan hartu beharko luke, baina lege horrek ez du egiten, ez dituelako kontuan hartu ezkutuan dauden medikuen lobbya edota mediku kontzientzia-eragozleak.

Medikuei buruz ari garela, nik uste dut horiek ez lituzketela auzitan jarri beharko pazienteen eskaerak edo nahiak, eta ez badute eutanasia egin nahi, ez dezatela egin! Baina mesedez, ez daitezela oztopo izan.

Nik jarraibideak eta protokoloak ezartzea ulertzen dut, baina pertsona batek bere aurretiazko borondateak egin baditu, bere ordezkaria izendatu badu, lekukoen sinadurekin, eta, horiek hiltzea aukeratu badute, medikuak ez lirateke izan beharko oztopo, guztiz kontrakoa.

Bestalde, nire ustez, gure helburua ez litzateke izan beharko gure bizitzan urte mordo bat betetzea, baizik eta gure bizitza kalitatezkoa izatea, eta, jakina, gure heriotza ere bai.

Ziur nago lege horren helburua ez dela (bakarrik) hiltzen laguntzen duena despenalizatzea, baizik eta duintasunez hiltzeko aukera ematea mina jasaten ari diren pertsonei, gaixotasun larria, kronikoa edo atzeraezina dutenei, pertsona horiek merezi dute lasaitasunez alde egitea, jakinda euren lagunek edo senideek ez dutela jasoko zigorrik. Horretarako dago legea. Gainera, baliabide guztiak Osakidetzak eman beharko lituzke, bai ospitaletan, bai gaixoaren etxean, pazienteak aukeratu nahi duen lekutan.

Bestalde, idatzita dagoenak badauzka hutsuneak edo interpretazioak, adibidez, bigarren artikuluak esaten du: “Eutanasia eskatzeko baldintzak: gaixoak jakin behar du zer den eskatzen duena, eta, horretarako, dokumentu bat sinatu behar du”. Baina artikulu bereko seigarren xedapenak aipatzen du gaixoaren egoeraz, eta gaixoa ez bada gai erabaki hori hartzeko pertsona heldu batek erabaki hori har dezakeela. Horrekin zer esaten ari naizen?

Protokoloak ezartzea ulertzen dut, baina pertsona batek bere aurretiazko borondateak egin baditu, bere ordezkaria izendatu badu, eta horiek hiltzea aukeratu badute, medikuak ez lirateke izan beharko oztopo, guztiz kontrakoa

Burokraziaren tresnak martxan jartzen direla eta oztopoak jartzen dituztela erabaki hori modu errazago batean ez hartzeko; eta eutanasiaren aurka daudenek zirrikitu guztiak erabiltzen dituztela lehenago aipatu ditudan oztopoak gurpiletan ipintzeko, adibidez; auzitegi medikuak.

Gaixoak aurretiazko borondateak eginda badauzka, zergatik hasi behar da zerotik? Zergatik, pasatu behar da erabakita dagoena hainbat mediku-auzitegitatik, nahia eskatuta dagoenean?

Gertatu izan da hiltzeko unea ailegatu eta senideek pazientearen nahia betetzeko eskatzea; une horretan, mediku batzuek ez dute eutanasiaren legea bete nahi izaten, eta auzitegi medikuetara eraman dute gaia: eta erabakitzen duten bitartean, luzatu egiten da itxaronaldia, eta horrek kalte moral eta psikologikoa eragiten die pazienteari eta senide batzuei behintzat. 

Hori guztia esan eta gero, nire ustez bi urrats eta bi egoera oso desberdin daude (eutanasia eta aurretiazko borondateak), eta islatu nahi ditut. Egoera batzuk lehenago aipatu ditut, baina berriro esango ditut garbiago gera daitezen.

1- Eutanasia: oso garbi eduki behar da, eutanasia eskatzeak ez duela ezartzen edozein unetan edo egoeratan, burokraziak eragiten du aipatutako auzitegi medikuetatik pasatzera eta haiek oniritzia ematen dute edo ez dizute ematen. Horrexegatik idazki honetan esaten dut lobby medikuak ez lukeela erabakitzeko boterea eduki behar (adi! nire iritzia da, besterik ez).
 
Baina, paziente batek eutanasia eskatzen badu eta hori bere erabakia izaten bada, zergatik, lobbyak esaten duenak pisu gehiago dauka pazienteak eskatzen duenak baino? Hori esaten dut mediku batzuek pazienteen eskaera ukatu egiten dutelako, are gehiago, esango nuke, eskaera guztiak nagusiei eraman beharko lizkieketela, eta lan hori ez badute egin nahi, jai daukate, baina euren lana norbaitek egin beharko luke.

2- Aurretiazko borondateak: eutanasia egiteko oso komenigarria da aurretiazko borondateak eginak edukitzea, horietan ipinita daukagulako nolakoak izan behar diren gure azkenengo mementoak, edota zein egoera ez ditugun jasan nahi.

Orain arte hitz egin dut pertsona batek eutanasia eskatuta duen egoeraren kasuaz, baina hurrengo paragrafoan beste egoera bat aipatu nahi dut: 

Pertsona batek ez ditu aurretiazko borondateak egin eta ezin du eutanasia eskatu egoera begetatiboan dagoelako, beraz, ezin ditu bere nahiak adierazi, orduan, zer gertatzen da? Bi egoera daudela:

1- Egoeraren arabera, medikuek “koma induzitua” edo “sedazioa” diagnostikatu dezakete, (aurrerago azalduko dut zein desberdintasun dauden kasu bakoitzean) eta medikuek ezin dute eutanasia ezarri, ez dagoelako tramitatuta.

2- Senideen artean ikuspuntu desberdinak egon daitezke, beraz, ezetzaren iritziak (ez aplikatzeak), zoritxarrez, pisu handiagoa dauka heriotza duinarenak baino. 

Aurreko paragrafoan esandako guztiagatik, ziur nago aurretiazko borondateak egiteak eutanasiarantz joateko urratsak errazten dituela. Horretarako familiako medikuarengana edo erizainarengana joan behar da eta esan behar dugu zer den nahi duguna, horiek betetzeko test bat emango digute, gehi aurretiazko borondateen dokumentua, dokumentu hori beteko da eta ordezkari bat izendatu beharko dugu, egoera bat irits dakiguke, non ezingo dugula inorekin komunikatu, horrexegatik, guk eskatu duguna esateko ordezkari bat beharko dugu, agiria bete eta gero hiru lekukoren sinadurak behar dira. Euskadin, agiria beteta dagoenean Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko borondateen erregistrora eramango dute.

Badirudi oso zaila dela, baina ez da hainbesterako. Nire iritziz, Osakidetzako langileak oso profesionalak dira, eta edozein zalantza argitzen digute eta agiria bete dezagun laguntzen gaituzte. Lehenago esan dudan bezala, dokumentu hori eutanasiaren aurrekoa da, eta eutanasia lortzea samurtzen du (aurretiazko borondateak eginak izateak).

Beste bi egoera daude, izugarrizko frustrazioa sortzen didatenak: bata, informazio eta gardentasun falta, izan ere, auzitegi medikuek eskaera guztiak ez dituzte ontzat ematen, baina ez dute esaten zergatik; ez dakigu ehuneko zenbat diren ere. Informazio osoak publikoa izan beharko luke.
Datuen babesa ulertzen dut, baina portzentajeak azaltzeko ez dago eutanasia eskatu dutenen izen eta abizenik eman beharrik.

Beste egoera bat da medikuen lobbya, (adi! guztiei buruz ez dut hitz egiten): egoera batzuetan, kontzientziaren edota komenentziaren objekzioaren “gurdira” igotzen dira; badakigu eskubide osoa daukatela hori egiteko, baina nik ez dakit non jartzen duten muga. Esan behar da, maiz, konkretuki marka bateko sendagaia ematen digutela interes ekonomiko edota komertzial hutsagatik? Familiako medikuei ez diet ezer leporatzen, baizik eta euren gainean daudenei.

Paziente batek heriotza duina eskatzen duenean, ez du merezi? Horrelako auzitegi batek eskaera bat nahita atzeratzen duenean, zer bihurtzen dira? Hau da, zergatik 25 egun iraun beharko lukeen erabakiak, sarritan auzitegi medikuek 50 egun ateratzen dituzte? Oso nabarmena da gaixoen hitza ez dutela betetzen eta, horren ondorioz, batzuk hiltzen dira... hitz “itsusiak” erabiltzeko tentazioa ematen dit.

Baina horren ordez lobbyari galdera bat egingo nioke, zergatik sedazioaren egoeran euren lana egiten dute eta beste egoera batzuetan ez dute egiten? Egoera horrek gogora ekartzen dit abortuaren legea ezarri zutenean, nola mediku batzuk zentro publikoetan kontzientzia-eragozle bihurtu ziren, baina pribatuetan ez!

1- Koma induzitua egoera larria da, pazienteak konorterik gabe daude farmakoen bidez, paziente horiek traumatismoak edo garuneko kalteak, bihotzeko gaixotasunak eta arnasteko arazo larriak jasan ditzakete... baina berezitasun batekin: euren larritasunetatik irten daitezke.

2- Sedazio aringarria egoera hori oso berezia da, egoera hori “zainketa aringarri terminalen” barruan sar daiteke, suposatzen da pazienteak euren azken mementoetan egon daitezkeela, eta zientziak ezin du sendatu edo paziente  horien bizi-kalitatea hobetu.

Trantze horretan ahalik eta lasaien egoteko, farmako batzuk ematen dizkiete, adibidez, morfina edo beste lasaigarri indartsu batzuk, gerta daiteke arnasa hartzeko airea falta izatea, zundak erauztea, asaldatzea, oldarkorrak izatea... Horrexegatik, medikuek esaten dute egoera hori eta egiten dutena ez da eutanasia “euren iritziz” protokoloak desberdinak direlako.

Legeak berak egoera horri zeharkako eutanasia deitzen dio, pazienteak egoera terminalean daudelako, baina ez da eutanasia, ez dagoelako aurretiko eskaera, gai horren mamia da eskaera bat egon behar dela. Horrexegatik, eta hasierara itzuliz, lege bat beharrezkoa da pazienteen nahiak betearazteko, inori sufriarazi gabe, ez pazienteei, ezta familiari ere, min handi samarra baita maite duten pertsona bat galtzea.

Piter Encinas José, Alternatiba erakundeko kidea