argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarra, frackingaren aurka ia aho batez
  • EAEn frackinga eragozten duen legea bertan behera geratu arren, Jaurlaritzak bere esku dauka teknika horren bidezko hidrokarburo esplorazioa eta ustiapena (egingo balitz) geldiaraztea neurri handi batean, helburu horrekin EAEn emanda duden baimen-eremu gehienetan –denetan, batean izan ezik– SHESA sozietate publikoa baita parte hartzen duten enpresetako bat. Bestela esanda, Jaurlaritza bera.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko maiatzaren 05
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura iazko abenduan (Arg.: Eusko Legebiltzarra).

Hain zuzen, Lakuak ahalmen hori baliatu eta haustura hidraulikoari uko egitearen alde bozkatu du Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak. Onartutako proposamenaren arabera, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatuko dio “SHESAk baimen-eremuetan duen presentziaren bitartez galarazi ditzala fracking bidez hidrokarburo ez-konbentzionalak ikertu, bilatu edota ustiatzeko proiektuak”. EAE barruko nahiz kanpoko proiektuei dagokie eskaria; kontuan hartu behar da Burgosen (Espainia) ere hidrokarburo-esplorazio egitasmo bateko partaide dela SHESA.    

Gainera, Espainiako Gobernuak EAEko frackingaren legaren aurka jarritako helegiteari aurre egiteko galdatuko dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

PP eta EAJ kontraesanean, EH Bildu eta PSEren ustez

Onartutako testua EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako mozio banatatik abiatutako erdibideko zuzenketa da, EAJk ere sinatu duena. Boto guztiak haren aldekoak izan dira, UPyDko legebiltzarkide bakarraren abstentzioa izan ezik. Eztabaidan, ia erabateko adostasun horren atzean dauden kontraesanak azpimarratu dituzte bai koalizio abertzaleak bai sozialistek. PPren kasuan, euren alderdien dagoen gobernuak aurkeztutako helegiteari aurre egitearen alde bozkatu dutelako.

EAJri dagokionez, EH Bilduko Dani Maeztuk adierazi du bitxia dela haien botoa, kontuan izanda legea indarrean egon den bitartean ere SHESAk jarraitu duela hidrokarburoen prospekzioetarako tramiteak egiten, berriki Arantza Tapia Ekonomia Garapen sailburuak jakinarazi duen bezala.

Zentzu horretan, Javi Carro jeltzaleak nabarmendu du esplorazio-baimenak mantentzea ona dela “ikertzen jarraitze aldera”, baina horrek ez dakarrela nahitaez frackinga erabiltzea. Dani Maezturen ustez, aldiz, argudioak ez du baliorik, “baimen horiek beren-beregi frackinga erabiltzeko emanda daude eta”.