argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarra dekretu bidez berriz martxan jartzeko eskatu du EH Bilduk
  • Gaur ziren egitekoak EAEko hauteskundeak eta gaurko hauteskundeak deitu zirenetik dago deseginda Legebiltzarra. Koronabirusagatik hauteskundeak atzeratu baziren ere, Legebiltzarra ez da aurreko jarduerara itzuli. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio erakunde honen jarduera "dekretu bidez" berriz ere gaitu dezala, hauteskundeak berriz deitu arte.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 05

"Anomalia demokratiko hau ezin dela onartu" adierazi du Iriartek eta aurreratu du EH Bilduren lantalde juridikoa txostena prest duela, Legebiltzarraren jarduera berriz hasteko aukera ematen duena. "Lehendakari izan zen hauteskundeak deitu zituena, hauteskunde horiek dekretu bidez atzeratu zituena, eta orain Eusko Legebiltzarra berriz eta abian dekretu bidez jar dezakeena. Borondate politiko kontu bat da" esan du.

"Urkulluren Gobernua gutxiengoan dago, baina gehiengo osoa balu bezala jokatzen du" salatu du. Lehendakariari eskatu dio "aniztasun politikoari, parlamentarismoari eta aurkari politikoari errespetua" izateko. "Inprobisatzen" aritzea eta "koronabirusaren krisiari aurre egiteko planik ez izatea" leporatu dio, eta Iriarteren iritziz derrigorrezkoa da Legebiltzarra berriz ere martxan izatea "guztion artean krisi honi aurre egiteko euskal plan bat osatzeko".