Gobernu Kontseiluak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan jolastokiak sortzeko eta zaharberritzeko proposamena onartu du, Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuak egindakoa. Hobekuntzak egiteko obra-proposamenak aurkezten dituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei zuzenduta dago eta hauek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko.
Gobernu Kontseiluak udalen jabetzakoak diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eraikinetan jolastokiak sortzeko eta zaharberritzeko lanak egitea onartu du, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak egindako proposamena. Guztira 7 milioi euro bideratuko dituzte, aipatutako ikastetxeetan jolastoki inklusiboak sortzeko.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak udal-titulartasuneko instalazioetan kokatuta daudenez, laguntza hauek euren jabetzako eskola-eraikinetako jolastokiak sortzeko edo horietan hobekuntzak egiteko obra-proposamenak aurkezten dituzten EAEko udalei zuzenduta daude.
Obrak 2022ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira laguntzaren onuradun izateko. Hezkuntza Sailaren diru-laguntzak Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren %90 hartuko du bere gain, eta gainerako %10 obra-proiektua aurkezten duen udalaren kontu izango da. Eskaera bakoitzari emandako kopurua ezin izango da 87.120 eurotik gorakoa izan.
Udalek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Patio inklusiboak
Dirulaguntzen bidez "berdintasunean eta aniztasunarekiko" errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko eta ikasteko patio inklusiboak sortuko dira. Espazio horietan, ikastetxeko haur guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egin ahal izango dituzte ikuspegi inklusibotik eta hezkidetzatik.
Deialdi honekin baliabideen eta espazioen erabilera zuzena bultzatu nahi du Jaurlaritzak, arreta berezia eskainiz jolastokiei.