argia.eus
INPRIMATU
Txio garestiak
Eusko Jaurlaritzak 114.000 euro gastatu ditu hiru Twitter konturen kudeaketan
  • Urtean 90.750 euro gastatzen ditu Eusko Jaurlaritzak Twitterreko kontu ofiziala kudeatzen. Enpresa pribatu bat arduratzen da horretaz. Hala ere, sailburuek eta organo independenteek beste aholkularitza enpresa bat izateko eskumena dute. Iñaki Arriola Etxebizitza eta Garraio sailburuek eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuek, esaterako, euren kontu pertsonalaz arduratzen diren enpresa bana dute. Orotara, 114.495,85 eurotakoa izan da hiru Twitter kontuen orain arteko kostua.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 20a

Eldiario.es-ek argitaratu duenez, @Gob_eus kontuaren kudeaketa Sociálitas S.L. aholkularitza enpresaren esku dago. Jaurlaritzak 90.750 euro ordaintzen dizkio enpresari agenda politikoa eguneratuta eramateagatik.

Ogasun sailburuak eta Garraio sailburuak kontratu berri dituzten zerbitzu berriak gain kostu bat dira, ez baitaude aurrekontu berean: Arriolak urtarrilean jarri zuen martxan bere Twitter kontu pertsonala. Cuatrobarras enpresak kudeatzen du, urtean 21.562,20 euroren truke. Abenduaren 19an 1.413 txio eta 593 jarraitzaile zituen: 15,25 euroko kostua du txio bakoitzak.

Prezioz garestiagoa da Ogasun sailburuaren zerbitzu berria: urtean 32.183,64 euroko kostua du Azpiazuk kontratatutako Sarean Sar enpresaren zerbitzuak. Azken datuen arabera, 2017ko azaroan 105 txio idatzi dituzte bere izenean, 885 jarraitzaile lortuz. Txio bakoitzak 25,54 euro balio ditu.

2013an Eusko Jaurlaritzak estrategia digitala zehazteko beharra ikusi zuen. Horretarako, bi kontratu sinatu zituzten, 78.000 euroko gastuarekin: bat EiTBko zuzendaritza batzordeko aditu batekin, planifikazioaren inguruko txosten bat jorratzearen truke; eta bigarrena, Sociálitas S.L. enpresa pribatuarekin. Sarea indartzeko asmoa ez zen hor geratu: departamentu bakoitzaren webgune ofizial eta Twitter kontuak sortzeagatik 173.329 euro gastatu zituen Jaurlaritzak 2014ko lehen hiru hilabeteetan.